|
|
Navegación |
Independentismoa indartzeko urratsak aztertuko dituzte Nazio Eztabaidan
Enviado por admin el 2009, Octubre 9 - 15:33.
Urriaren 31n egingo da, eta Nazio Eztabaida Guneak eragileei eskatu die «urrats ausartak eta berritzaileak» emateko.
Jokin Sagarzazu. Donostia Abertzaleen arteko elkarlana eta indar metaketa beharrezkoa ez ezik «oso posiblea eta egingarria» dela uste du Nazio Eztabaida Guneak. Indar metaketa hori «eraginkorra» izan dadin, eragile eta alderdi abertzaleek euren arteko «konfiantzak berreraiki» eta «estrategia eraberritu» behar dutela dio. Estrategia horren «norabidea» marraztu du, halaber, eztabaida foroak. «Abertzaleok, independentziaren aldekotasuna indartu eta hor kokatu behar dugu eztabaida politikoa». Horren alde dagoen «subjektu politikoa aktibatu» behar dela nabarmendu du. «Norabide independentista bat eskainiko duen espazio sozial bat artikulatu behar da». Urriaren 31n egingo da Nazio Eztabaida, EHUko Psikologia Fakultatean, Donostian. Egun hori iritsi bitartean, Nazio Eztabaida Guneak eragile, alderdi eta norbanako abertzale orori dei egin die, haien ekarpenen bitartez, hausnarketa eta eztabaida foro horretan parte hartzeko. Aurtengo eztabaidari begira, baikor azaldu dira Mikel Irastorza eta Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko eledunak. «Sektore politiko ezberdinetako lagunen harrera ona eta baikorra jaso dugu. Orain, helburua da planteatzen ari garen norabidean puntu komunak eta adostasunak eraikitzen joatea». Nazio Eztabaida Gunearen arabera, «nazio onarpenean, lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa politikoaren» aldeko gehiengo zabala dago Euskal Herrian. Gehiengo hori, baina, desaktibatua, «sakabanatuta» eta «erreferentziarik» gabe dago gaur egun. Espainiako eta Frantziako estatuek gehiengo hori «ezkutatzeko» asmoz, abiatu duten «oldarraldi ideologiko eta politikoak» eragin nabaria izan du, Nazio Eztabaida Gunearen arabera, ahuldade horretan. «Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bidea oztopatzea dute xede. Independentzia aldarrikatzea eta horren alde lan soziala eta politikoa egitea zigortua da garaiotan Euskal Herrian», salatu du. Egoera horri aurre egiteko, Nazio Eztabaida Guneak uste du beharrezkoa dela «estatuen aurrean herri gisa agertzea» eta «herria norabide argi eta eraginkor batean murgiltzea». Horretarako abertzaleen arteko konfiantzak berreraiki eta apustu «sendoak eta berritzaileak» eman behar direla dio. «Abertzaleok, batzen gaituzten osagai gehiago ditugu banatzen gaituztenak baino. Horietan indarrak jarri eta adostasunak eta bide komunak eraiki behar ditugu». Nazio Eztabaida Gunearen arabera, «jauzi kualitatibo» bat emateko garaian dago abertzaletasuna. «Euskal estatu baten beharra eta aukerak indartuko dituen diskurtsoa eskainiko duen mugimendua eratu behar dugu». Indar metaketa hori egiteko eta diskurtso hori sendotzeko, beharrezkoa da, Nazio Eztabaida Gunearen ustez, «independentistentzako eztabaidarako gune eta topaleku eraginkorrak eskaintzea». Horrela lortuko baita egun sakabanatuta dauden indarren arteko elkarlana eta «subjektu aktibo gisa» agertzea. Aldarria Maltzagatik Indar abertzaleen metaketaren alde lanean ari den beste eragile batek, Maltzagako Mahaiak, Lizarra Garaziko Akordioaren 11. urteurrena gogorarazteko irailaren 12an Uztaritzen (Lapurdi) eginiko ekitaldiari buruzko balorazio baikorra egin du. Ekitaldi hori, «burujabetzaren aldeko multzo» bat eraikitze bidean «beste urrats bat» izan dela nabarmendu du. «Bazterketarik gabe», eragile abertzaleen arteko harremanak sendotzen jarraituko duela dio Maltzagako Mahaiak.
|