Nazio eztabaida

Euskal Herria aintzat hartzen dugunok gure nazioaren egoeraz eztabaidatu, erabakiak hartu eta gauzatu behar dugu. Finean, Euskal Herriak bere erritmo propioa behar du eta erritmo hori guztion artean herri gisa finkatzea dagokigu. Nazio gisa ditugun premiak denon artean adostu eta premia horiei modu bateratuan erantzun behar diegu. Eta hain zuzen ere horretarako sortu genuen Nazio Eztabaida: “urritik urrirako ziklo politiko bakoitzaren hasieran, Euskal Herriaren egoerari buruzko diagnosi orokorra egin eta aurrera begirako ildo nagusiak adosteko”.

Urteroko Nazio Eztabaida urte politikoaren mugarri bilakatu behar dugu, herriaren argazki gaurkotua azaleratu eta ditugun egiturazko hutsune zein ahuleziei aurre egiteko bultzatu behar ditugun lehentasunak adostu eta horiek aurrera eramateko epe, helburu zein bitartekoak eztabaidaren ondorioz kontsentsuz ezartzeko.

Euskal Herria aintzat hartzen dugunoi erantzukizunez jokatu eta Euskal Herriaren aldeko ekarpenak egin eta partehartzea dagokigu. Herritarrengana iritsi nahian eztabaidan parte hartzeko tresna berriak aurkeztuko ditugu. Sektorez sektore eta herriz herri egiten dugun lanetik haratago burutu beharreko ariketa dugu Nazio Eztabaida. Abagune guztien gainetik Euskal Herriak behar duen ariketa eta elkarlana.