|
|
Nabigazioa |
Milaka erromes zazpi begiz osaturiko zubia eraikitzeko prest azaldu dira Aberri Egunean
admin(e)k bidalita 2009, apirila 15 - 13:57(e)an.
Igande honetan, milaka eta milaka herritar elkartu dira, mugaz gainetik, ezberdintasunetik haratago, hemen nazio bat dagoela aldarrikatzeko. Nazio Eztabaia Guneak eginiko deialdiari jarriakiz, 100 bat herritarrek gonbita zabaldu zuten Lapurdi eta Gipuzkoa artean Aberri Egun bateratua ospatzeko. Orotarat 25 bat eragilek bat egin zuten deialdiarekin, eta milaka herritarrek sustengatu dute deialdia, martxa anitza eta jendetsua burutuz Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago bidean.
Maite UBIRIA / HENDAIA Ikurrina erraldoia, eta bere atzean burujabetzaren aldeko aldarria. Milaka eta milaka herritar Santiago zubia zeharkatu dute, erromes gisa, Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeko. Txalapartaren soinua agurtu du martxa, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga zehazteko Oteizak ezarri zituen mugarrien ondoan. Ondoren, dantzariek lotura egin dute Irun eta Hendaiatik etorritako kortexoen artean. Hodeiak zeruan mehatxuka, baina bihotzak bero-bero, milaka abertzalek urratsez-urrats Hendaiako De Gaulle bulevard-etik desfilatu dute. Euskal gudariek II Mundu Gerran Frantzia askatzeko eginiko borroka aitzat hartuko zuela erran zuen De Gaulle jeneralak. Ondoren, hitz horiek aireak eraman zituen. Hamarkada batzuk berantago euskal departamenduaz sortzeko Mitterrand presidente sozialistak harturiko engaiamendua bezala. Oroimenak egiteko parada emanen du Aberri Egunak. 1900.ean eraikitako Gaztelu Zahar frontoiak herri honen askatasuna aldarrikatzeko hamaika ekimenen lekuko izan da. Igande honetan jendez lepo bete zen, alderdikeriak alde batera utziz nazioa eraikitzeko deia zazpi haizetara oihukatzeko. Maite Aristegik eta Mikel Irastortzak batera aritzeko beharra azpimarratu zuten Aberri Eguneko ekitaldi politikoan. Zazpi begi dituen zubia zeharkatzeko gonbita txalo zaparradaz hartu zuen Gaztelu Zaharrean bildutako abertzale oinarriaren ordezkaritza zabalak. Horrela hartu zuen jendeak baita ere, Amets Arzallus bertsolariak irakurritako agiria. Mikel Laboaren oroimena ez zen falta ekitaldian, ez da Nafarroako ereserkiaren soinua zein Eusko Gudariak. Ekitaldia amaitu ondoren, herri bazkaria ospatu zen Beltzenian eta arratsalde osoan zehar umeendako jokoak, kantak eta dantzak izan ziren. Gaua heldu arte luzatu zen ospakizuna Kanttu ostatuan. |