Independentziaren aldeko espazioa egikaritzeko asmoz dator Nazio Eztabaida'09

admin(e)k bidalita 2009, urria 9 - 15:32(e)an.

Abertzaleak biltzen dituzten elementuak banatzen dituztenak baino gehiago diren uste osoarekin, adostasun horiek aurkitu eta bide komunak eraikitzeko asmoz aurkeztu da Nazio Eztabaida. Egoera politikoak ekiteko eskatzen duela-eta, eztabaidan parte hartzera dei egin dute.

Oihana LLORENTE |

Nazio Eztabaidaren edizio berri baten atarian, Euskal Herriak bizi duen abagune politikoan «guztion aldetik konpromisoz beteriko urrats ausart eta berritzaileak» ematea beharrezkoa dela nabarmendu, eta urriaren 31n UPV-EHUk Donostian duen campusean gauzatuko den osoko bilkuran ahalik eta sektore gehienen partaidetza egon dadin lanean ari direla adierazi zuten Nazio Eztabaida Guneko kideak diren Mikel Irastorzak eta Maite Aristegik. Era berean, herritar abertzale eta eragileei eztabaidan parte hartzeko deia egiteko baliatu zuten agerraldia.

Eztabaidagai izango den planteamendua erabat irekia den arren, Nazio Eztabaida Guneak azken hiru hileetan egindako gogoeta izango du oinarri, eta horren berri eman zuten atzo, komunikabide ugari batu ziren agerraldian. Funtsean, independentziaren aldeko espazio berri bat artikulatzea beharrezkoa deritzo Nazio Eztabaida Guneak; «gaur sakabanaturik ditugun indarrak bildu eta Euskal Herriaren etorkizuna nazio beharretan kokatu ahal izateko», defendatu zuen Irastorzak.

Banatzen dituztenak baino, abertzaleak batzen dituzten osagai gehiago dagoelako uste sendoa du Nazio Eztabaida Guneak, eta horietan indarra eginez, adostasunak eta bide komunak eraikitzearen alde agertu ziren.

Abertzaleak batzeko beharra jite bateko zein besteko abertzale askoren ahotan bolo-bolo dabilen arren, oraindik ere abertzaletasunaren baitako indarraren sakabanaketa «nabaria» da Aristegiren hitzetan. Denek norabide berean lan egiteko zailtasunak «agerikoak» direla ere aipatu zuen.

Gainera, jada «sentsibilitate desberdineko» herritar abertzaleekin harremanak lantzen hasi direla adierazi, eta orain artean sektore desberdinekin izandako hartu-emana «baikorra» izan dela gaineratu zuten. Hala eta guztiz ere, egoera aztertu eta «konfiantzak berreraikitzeko» denek eskuzabaltasunez jokatzea beharrezkoa dela gogora ekarri zuten. Datozen asteetan eragile politiko, sindikal eta sozialen ateak joko dituztela iragarri zuen.

Euskal Herria «aldaketa garai batean murgildurik» dagoela uste du Irastorzak, eta gertatzear den aldaketak zein norabide hartuko duen «zinez garrantzitsua» dela ohartarazi zuen. Haren iritziko, «nazio ukazioan eta lurralde zatiketan» sakontzea da aukeretako bat; bestea, berriz, «burujabetzaren bidean, nazio onarpenean, lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako esparru aldaketa».

Nazio Eztabaida Guneak bigarren aukeraren alde egiten du, eta horretarako «herri gisa agertu beharra» dagoela sostengatu zuten prentsaurrekoan. «Bizi dugun egoera politikoak, Estatuen aurrean herri gisa eta norabide argi eta bide eraginkor batean murgiltzea eskatzen du», azaldu zuen Irastorzak.

Horiek horrela, Nazio Eztabaidaren aurtengo edizioak «jauzi kualitatibo» bat ekarri behar duela defendatu, eta abertzaleek independentziaren aldekotasuna indartzeko duten premia nabarmendu zuen. Haren ustez, eztabaida politikoa hor kokatu eta euskal herritarrak independentziaren aldarrikapenaren baitan batu behar dira.

Xede horiek erdiesteko Nazio Eztabaida Guneak dakarren proposamena independentziaren alde diren herritarrak biltzeko «espazio sozial» bat eraikitzea da. «Sormenerako eta eztabaidarako guneak eskaini, eta alor ezberdinetako herritarrak batuko lituzkeena», azaldu zuen Aristegik.

Era berean, aldarrikapen horiek adierazteko ekimenak ere garatzea beharrezkoa dela deritzo eta Aberri Egun bateratuaz harantzago, bestelako dinamiken alde egin zuten.

Oldarraldi ideologikoa

Euskal Herriaren onarpenerako aukerak hor ikusten dituzten arren, «horiek oztopatu nahi dituen oldarraldi ideologiko eta politikoa» gertatzen ari dela salatu zuen Irastorzak. Nazio identitatearen, kontzientziaren eta kulturaren aurka egiten ari direla adierazi zuen, eta Euskal Herrian «eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoa» larriagotzen ari dela gaineratu zuen. Oldarraldi horren helburua «Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bidea oztopatzea» dela ondorioztatu zuen.

Egoeraz gainera, Gipuzkoako hiriburuan eskainitako agerraldian luze aritu ziren Nazio Eztabaida Gunearen ibilbideaz ere. Sei urte egitera doan eragilea, «elkarlanean oinarrita, pauso garrantzitsuak» eman dituela adierazi zuten, eta horien artean, Nazio Eztabaidaren beraren sorrera eta gatazka politikoaren konponbide demokratikoaren aldeko Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa ekarri zituen gogora.

Ibilbide honek guztiak, abertzaleen arteko elkarlana eta indar metaketa «beharrezkoa izateaz gainera, oso posiblea» dela frogatzen du, Irastorzaren ustez.

 

hasi saioa edo harpidetu iruzkinak bidaltzeko