Sarrera gisa
Urriaren 11an Donostian egindako Batzar irekian abian jarri genuen Nazio Eztabaida Guneari bi helburu nagusi aitortu genizkion: Euskal Herriaren biziraupenerako eta garapenerako gutxiengoak definitu eta, bizi dugun gatazka politikoa ainditzeko proposamenak egitea.
Erronka serioa eta zaila. Baina askoren partehartze eta inplikazioari esker abian dugu prozesua. Ekarpenak eta hausnarketa bideratu nahirik, bi fase desberdindu ditugu: Lehenik errealitatearen diagnosia edo argazkia egitea da. Bigarren fasean izango dugu lan ildoak adostu eta konpromisoak hartzeko aukera.
Eskuartean duzun dokumentua, lehen faseko lanaren ondorioa eta fruitua duzu. Euskal Herriaren egoerari buruzko analisi proposamen xumea da, maila pertsonalean parte hartu duten eragile sozial, sindikal eta politiko askoren ekarpenen bidez egina.
Euskal Herriaren nazio izaera aintzat hartu eta gatazka politikoa begibistakoa dela abiapuntutzat izanik, euskal gizartea elkarren arteko analisi bateratuan oinarrituriko konponbidea eskatzen ari zaigu.
Ohartzen gara, euskal herritarrak, Euskal Herriaren egoera aztertzeko ikuspegi desberdinak eta anitzak izanik ere, baduela borondate nahikoa, maila pertsonalean zein kolektiboan parte hartu eta bere ikuspegi partikularrei hutsik egin gabe, inkomunikazioa gainditzeko.
Jarrera hauen bidez, norberak bere ikusmoldea malgutuz, inori ezer ezartzeko borondaterik gabe, ikuspegi subjetiboak erlatibizatuz eta baztertzaileak saihestuz, prozesu atxikitzaileak eta bide bateratzaileak eraiki ditzakegu.
Ezagupide hauekin martxan jarri genuen Nazio Eztabaida Gunea eta ikuspegi sozial, politiko, sindikal desberdinak dituzten berrogeiren bat pertsonak osatu genuen Talde Sustatzailea. Berriki, Lehen Ekarpen Foroa egin dugu eta hark emaniko ekarpen eta ondorioz osatu dugu dokumentu zirriborro hau.
Euskal Herriaren egoera aztertzeko lau atal bereizi genituen: Euskal herritarrak; Euskal Lurra eta Jarduera sozio-ekonomikoa; Nortasun kulturala eta Euskal Herriaren egituratze politiko eta instituzionala.
Lau ataletan gaiaren alde negatiboak eta positiboak modu laburrean azaldu ditugu eta berau, abenduan egin asmo dugun Osoko Bilkuraren eztabaidarako eta partehartzaileen arteko akordiorako oinarrizko dokumentu gisa erabiltzeko asmoa dugu.
Esan beharrik ez dago, dokumentu honek ez dituela jasotzen parte hartu dugun guztion proposamen guztiak, bainan era berean egia da, dokumentu honek jasotzen dituen adierazpide orokorrak guztiok aintzat hartzen ditugula eta horretan datza dokumentuaren funtsa.
Bere xumetasunean lan aberatsa da, jende anitzen ekarpenak jasotzen dituelako.
Benetan egin dugun analisi honetaz baliatu nahi genuke eztabaidaren bigarren faseari sarrera eman eta urtarriletik aurrera Euskal Herriaren bizirauteko eta eraikuntzarako ardatz estrategikoak eta ekintza erabakiorrak lehenesteko. Azken batean, Euskal Herria nazio gisa eraiki dezagun, non, gizon eta emakume guztion eskubideak inongo salbuespenik gabe aitortu ditzagun, guztion eskubide indibidualak eta kolektiboak guztioi eta guztiontzat onartuak izan daitezen eta behin betiko, aitortzen dugun gatazka politikoari amaiera eman diezaiogun.
Horren alde egitea, merezi duen erronka da; bai geuretzat bai guztiontzat ere.
Aipaturiko bi ardatzen inguruko proposamenen egin, eztabaidatu eta alderatu ondoren akordioa lortuz gero, gizarteko eragile garenon eta gizarte osoaren esku utzi nahi ditugu eztabaida honen emaitzak, behingoz, gizartea bera prozesuaren gidari eta aintzindari bilakatu dadin. Izan ere, behar beharrezkoa da gizartea bera, antolaturiko eragile eta gizabanakako konprometituen bidez, erabat arduratzea eta konprometitzea arazo politikoaren bideratze jardunean, bere praktikaren bitartez, inongo eragileri aldebakarreko baldintzatze ahalmenik onartu gabe.Bukatzeko esan, dokumentuaren azken partean eta epilogo moduan, IDEIA NAGUSIAK laburbiltzen saiatu garela. Nazio eraikuntzan eta bakegintzaren ardatzak eta zutabeak azpimarratu ditugu. Herri gisa zer garen argi erakutsi eta hurrengo faserako nondik norakoa marraztu
Euskal Herrian 2003ko abendua
Nazio Eztabaida Gunearen Talde Sustatzailea
