Sarrera
Nazio eztabaida gunearen barruan, oinarrizko lau txostenenetariko bat, Euskal Herritarrak deitutakoan, zenbait datu demografiko eta estatistikoren artean, nazio sentimenduaz eta komunitatearekiko atxikimendu motaz hausnarketa batzuk daude. Datu guzti horietaz baliaturik eta bi zutabetan aurkeztuta, hausnarketarako, aldeko zein kontrako faktore zerrenda daukagu.
Oraingoz dakiguna zera da, gure lurraldean bortxakeriaz ezarritako edozein muga eta jurisdikzio dokumentatu ezagutu aurretiaz, Euskal Herria herri lez izan, existitu eta gaurko ia lur-esparru berberean bizi zela. Euskararen herria kanpoko hainbat herriren igarobide geografikoan kokatua egoteak, aro desberdinetan kultur eta hizkuntz desberdinetako jendetza ugari pasatzea eta bertan ezartzea ekarri du gure lurraldera.
Gertaera honen azken adibideak dira, batetik, XIX-XX. mendeetako industrializazioaren itzalean izaniko migrazio uholdea, eta bestetik, hirugarren munduan jatorria duten egungo etorkin kopurua. Biak ala biak, erabateko eragin berezitua izan eta dute Euskal Herria osatzen duten herrialde eta eskualde desberdinetako biztanlegoaren jarrera eta osaketan. Atal horri, euskal diasporaren errealitatea gaineratu behar zaio.
Horrekin lotua, historikoki aski botere eta tresna politikorik gabe, Euskal Herriak ezin izan du modu integratzaile batez, jendetza guzti hori, ez euskaldundu ez modu orekatuan herritartu. Horra ba, aldameneko bi estatuen mendetako asimilazioaren ondoren, espainiar/frantziar hiritartasun inposatuaren eta borondatezko euskal nazio-atxikimenduren arteko gatazka.
Sasoi bateko “munduko hiritarra” leloari aurre eginez edo, geure bizitza gehien eragiten ari den faktorea, globalizazioaren eta lekuko identitatearen artean ematen den kontraesana da. Edo zehatzago esanda, boterea, aberastasuna eta informazioa sare global-orokorrean egituraturik aurkitzen den bitartean, esperientzia, demokrazia, identitatea eta nortasuna lokalak dira.
Euskal Herria bere osotasunean harturik, eta nor, non eta nola bizi den ezagutu ondoren, bertako bazterketak, desorekak eta desberdintzapenak gainditzeaz bada amankomunean zer hausnartu eta zer sakondu.