Sarrera
Lurra, lurraldea, lurraldetasuna, Herri ororen gorputza, kokalekua, lantoki eta bizilekua. Lurraren itxura, herritarron arnasgune eta gozalekua. Lurrak emana, denok asetzeko jana. Zer ez da gure lurra? Euskal lurrik gabe ez dago euskal herritarrik; nola eutsi kultur nortasunari? Zelan ziurtatu jarduera sozio-ekonomiko orekaturik eta etorkizunean Herri legez bizi eta garatzerik?
Euskal lurra zulatua dugu, kutsatua eta gehienetan ez gizarte beharren mesedetan. Eta natur errekurtsoak xahutze horretan, lur goxoak jan ditugu, eraginkortasun dudazko azpiegiturak eta eraikitze etengabeak eginaz jarraituz, jarduerak espazioan kontzentratuz eta lurraldea interes ekonomizistekin antolatuz. Zementu herria une handi batzuetan eta jendez eta jardueraz husturiko basamortu herria besteetan, horixe da gure norabidea, askotan bueltarik gabea.
Herrigintzak, Lurraldeak, bertakoen jarduera sozio-ekonomikoarekin lotura estua dauka. Baina, Herri baten zutabe sozio-ekonomikoa herritar guztien bizi-baldintza egokiak eta gutxieneko eskubide sozial eta ekonomikoak bermatuko dituen politika sozio ekonomikoak aurrera eraman ahal izatea izanik, gaur, bide horretan oztopo larriak aurkitzen ditugu. Lehen sektorearen adibideak beste batzuentzat balio dezake: Nekazaritza eta arrantza bizi eta orekatuak lurraldearen eta itsasoaren euskarri naturalak badira ere, azken garaiotako bilakaera ekonomikoak natur baliabideen xahuketa eta esplotazioaz gain (lurra,ura,paisaia,..) gizabanakoon esplotazioa ere berarekin dakar.
Bestalde, egungo joera neoliberalek dakarten herri desoreka eta esplotazioa baina sektore guztietan zabaltzen ari dira: lan sektore guztietan lanpostuak gero eta prekarioagoak, txirotasuna gero eta zabalduagoa, –ezkutuan egon arren–, euskal herritarron arteko desberdintasunak gero eta handiagoak, emakume eta gazteekin batera, etorkinak sektore jipoituenak…
Eta egoera gordin honi erantzuteko, ezin dugu bertoko politika ekonomikorik aurrera eraman, antolakuntza politiko-instituzionalarengatik Euskal Herria erabat zatiturik baitago. Horrez gain, esparru sozio-laboralari dagokion legedia Madrilek eta Parisek egiten dute. Areago oraindik, Frantziako eta Espainiako gobernuek gero eta erabaki gehiago uzten dituzte Bruselaren esku. Horra hor, adibidez, Gobernu espainiarra erakusten ari den erresistentzia gobernu autonomikoa hainbat arlo sozioekonomikotan erabakiak hartzen hasi denean.
Ildo honetan, finantza harremanetan izandako etengabeko gatazkak izugarrizko ziurgabetasuna sortzen du, kontzertu ekonomikoa menpekotasunaren ondorioa baitugu. Zertan gastatzen duen gustatu edo ez, Estatuari kupoa ordaindu behar zaio, transferitu gabeko gastuak finantzatzen laguntzeko. Iparraldean horretarako aukerarik ere ez dago, eskuduntzak Estatuak bere esku dituelako.
Azken mendeetako bilakaera ekonomikoak populazioaren kokapenean izaniko ondorioak ere kezkagarriak ditugu: Iparraldeko barnealdea jendez hustutzen eta Araba eta Nafarroa Garaian hiriguneen inguruko populazioa kontzentrazien. Jaiotzetasa baxuak bestalde, bere atzean dauden faktoreak ikertu beharra eskatzen du, bereziki familien eta lan merkatuaren antolakuntza zein familiarekiko politiketan sartu beharreko aldaketak kontutan izanik, egoerari irauli bat emateko.
Populazioaren bilakaeran, etorkizun hurbilean gero eta garrantzitsuagoa izango den etorkinen egoera duina eta beraien integrazioa lortzeko indarrean jarri beharreko neurriak aztertzea ere ezinbestekoa zaigu, Euskal Herriak egungo markoan ez baitu ezer erabakitzerik.
Azpimarratzekoa da, bestalde, globalizazio neoliberalak eta zenbait mundu erakundeek (MKE, NMG,…) sortarazitako desregulazio ekonomikoa, Europako Batasunak ere bere egiten duena. Honek bidea zabaltzen die, gainera, multinazionalen estrategiei, gure jarduera nagusi diren industria eta zerbitzuei arriskuak eraginez.
Are gehiago, bertoko erakundeek ez dute honen aurreko politika propiorik garatu. Zerbitzu publikoetan, adibidez, joera pribatizatzailea erabatekoa da, lehenengotan enpresetan eta ondoren gizarte zerbitzuetan.
Eta ezin inolaz ahaztu emakumeen egoera: aurrerapenak aurrerapen, emakumeak gehienetan lan bikoitza egiten jarraitu behar du, hori bere partaidetza sozial eta politikorako zein aisialdirako oztopo larria delarik. Lan merkatuan pairatzen duten egoera gizonezkoena baino latzagoa izanik, txiroen artean emakumeak direla gehiengoa ondorioztatu behar, egoera are larriagoa guraso bakarreko familietan garatzen ari den txirotasunarekin.
Dena den, aurkako faktore hauei aurre egin diezaiekeen indarguneak ere hor daude. Lurraldeari dagokionez, jasangarritasun kontzeptua gero eta barneratuago dago, baina bada honetaz zer hausnarturik, jasangarritasunak, beste gauza guztien gainetik orain arteko bidea norabidez aldatzea eskatzen baitu. Lan merkatuaren egoera kaskarra agerian utzi eta bazterturik dagoen jendearen aldeko politikak ezartzeko kezka zabaltzen ari da. Gaztediaren eta orohar langileen prestakuntza maila ona da. Multinazionalen presioaren aurrean, badago enpresa txiki eta ertainen presentzia garrantzitsua, bada tradizio bat, kooperatibagintzarako joera bat, beren hasierako printzipioei helduz, gure jarduera ekonomikoa indartzeko eta dibertsifikatzeko oinarria izan daitezkeenak. Beste kontsumo-mota bat eta bertako produktuen aldeko joera bat ere zabaltzen ari da.