Kultur nortasuna

Sarrera

Kulturak egiten du izakia pertsona. Era berean kulturak bihurtzen du jende multzoa herri. Norbanakoen mailan zein talde mailan, beraz, berebiziko garrantzia du kultura sortu, eskuratu eta garatu ahal izateko tresnak nork bere esku edukitzeak.

Herri gisa hartuta, historian zehar sarritan gertatu zaio gure herriari tresna horiek eskura ez izatea. Herri txiki eta txiroa izateaz gain, herri kulturen berpizkunde eta nazionalizatzea ekarri zituen estatu modernoaren sorreran ere elbarri geratu zen Euskal Herria. Horrela, berez kulturaren garapenerako aukerak izan zitezkeenak, maizegi, gurean arazo bihurtu zaizkigu: kultura idatziaren zabalkuntza, eskolaren unibertsalizazioa, komunikabideen hedakuntza, edota jende eta kultur eredu ezberdinen etorrera gertatu direnean, tresna egokirik gabe egon da Euskal Herria. Aukera horiek baliatu ezinik, zokoratuta geratu da euskal kultura.

Gaur egun are larriagoa da erronka, lehendik dauzkagun arazoei joera berriekin batera datozen egoera berriak pilatzen baitzaizkie. Izan ere globalizazioari lotutako aldaketa sozialak eta digitalizazioari lotutako aldaketa teknologikoak sekula ez bezala ari baitira kulturen arteko ukipena areagotzen eta haien bilakaera azkartzen. Eta hau ere arazo edo aukera bilaka daiteke. Mehatxuak handiagoak izango dira, datozen eredu eta formak modu aberasgarri eta kritikoan integratzeko gai izatera iristen ez diren herrientzat; orduan uholdeak ezabatu egingo ditu herri gisa. Eredu eta forma horiek aukeratzeko eta beren erara integratzeko gaitasuna duten herrientzat berriz, aukera berriak zabalduko dira. Horregatik behar ditugu, batetik, kultura lortu, eskuratu eta garatzeko egitura propioak: beste hitz batzuetan, euskal kultur espazioa. Eta bestetik, unibertso sinboliko bat, zeinetatik abiatuta geure zein besteen ekarpen berriez aberastuko baikara: euskal kultura, alegia.

Orainaren eta etorkizunaren aurrean ditugun baldintzak sakon eta konplexurik gabe aztertu behar ditugu, beraz, bereziki hiru arlotako egoera eta bilakaerari erreparatuz: kulturgintza eta komunikazioa, hezkuntza, eta hizkuntza. Kulturgintzak eta komunikazioak garrantzi handia dute gaur egun kulturaren sorkuntzan eta transmisioan. Arlo honetako praktika eta tresnen bitartez gure kultur edukiak birsortu eta eguneratzen ditugu, berriak sortzen ditugu, besteenak gure egiten, eta elkarrekin komunikatzen gara. Aurrerapauso handiak egin dira arlo honen garapen propioan, baina oztopo eta muga oso nabarmenak ditugu.

Hezkuntzaren arloan ere ezin ukatu asko aurreratu dugula. Baina oraindik ere Euskal Herriak ez du bere hezkuntza sistema propiorik. Horrek oztopatu egiten du ume, gazte zein helduei euskal gizartearen baldintza eta beharrei egokitutako formazioa ematea. Horrekin, euskal gizartea galtzen ateratzen da. Baina galtzaile gertatzen dira ere gizarte horretarako prestatuta ateratzen ez diren pertsonak. Euskararen egoerari dagokionez, eten egin dugu galera prozesua, eta horrekin batera garai berrietan etorkizunik gabeko hizkuntza zelako pertzepzioa ere. Corpusaren zein estatusaren ikuspegitik aurrera egin dugu. Baina hau termino orokorretan egia izanik, ez da egia osoa Euskal Herriko lurralde guztietan. Oso joera ezberdinak daude batetik bestera. Horrez gain, emandako urratsek ez dute lortu egoera diglosikoa gainditzerik, eta oso urrun gaude euskara euskal herritar guztiok noizbait batuko gaituen hizkuntza izatearen helburutik.

Egindako diagnostikotik ondorioztatzen denez, arazo handiak ditu Euskal Herriak bere kultur nortasuna garatzeko eta etorkizunari aurre egiteko. Horietatik batzuk kanpotik datozkigun mehatxuak dira (estatu espainol eta frantsesen politika, globalizazioaren erronkak e.a.); baina beste batzuk geure ahulezia eta hutsuneen ondorioak dira. Era berean, kanpotik datozkigun denak ez dira mehatxuak, eta aukera berriak ere sortzen ari dira gure kulturaren garapenerako, aukera berri hauek jadanik ditugun indarguneei gehitzen zaizkielarik.

Azkenik, esan dezagun ahulezia eta mehatxu batzuk komunak direla aztertu ditugun hiru arloetarako (kulturgintza eta komunikazioa, hezkuntza eta hizkuntza), eta beste batzuk arlo bakoitzeko propioak. Gauza bera gertatzen da aukera eta indarguneekin.