Euskal egitura politikoa

Sarrera

Mende berri honen hasieran, Euskal Herriak munduko estatu eta nazioen artean bere leku politikoaren bila jarraitzen du.

Gaur egun indarrean dauden Estatuek, Frantziak eta Espainiak bereziki, ez dute ontzat hartzen beren menpeko lurralde banatan finkaturik dagoen gure herri honek oraingo “status”etik haratago legokeen beste berri batera aurreratzeko aukerarik izan dezan.

Ez dute gaur egungo estatu-nazioen mapak zalantzan jar ditzakeen harremaneta antolatze-era politiko berririk onartzen.

Joan den mendearen bukaera aldera gertaturiko aldaketak, Europa zaharreko beste zenbait Estatu eta Nazio ere ukitu dituztenak, gehienetan izate politiko berrietarako iraganaldi baketsuak ahaleztatuz, ez dira gure herriarentzako eredu baliagarritzat onartzen.

Estatu hauek etengabe saiatzen dira euskaldunon eskubide politikoak aintzat hartze aldera sor daitekeen edozein barne-eztabaida edo erabaki-hartze galgatzen. Beren tema horretan, bi Estatuok gero eta gehiago ahalegintzen ari dira nazioarteko instantzietan – Estatuen interesen arabera eratuak eta osatuak izaki hauek ere – berretsia izan dadin Frantzia eta Espainiaren nahikundea, beren kabuz ezarriak dituzten mugak aldatzeko edozein saiori uko egiten diena. Horregatik eta horretarako, mendebaldeko Estatuei ezin aplikatuzkoa izango litzatekeen autodeterminazio- eskubide mota bat aldezten dute, ez besterik.

Hala ere, euskal herriak aurrera daraman barne-mugimenduak nabarmenki baldintzatzen du Estatuon gaur egungo politika.

Euskal Herriko iparraldean, gure herriarentzat gune amankomun eta berezitu bat galdatzen duten jarrerak gero eta atxikimendu gehiago biltzen ari dira, bai gizabanakoena, bai erakundeena. Departamentu berezko baten eskakizunak gero eta sostengu handiagoa erakartzen du, Iparraldearen garapen politiko, sozial eta ekonomikorako eskakizun beharrezkotzat begietsia baita.

Euskal Herriko Hegoaldean gatazkatsuagoa da egoera. Estatuaren aparatuetatik, aurkaritza euskal gizartearen barnerantz nahi izan dute bultzatu, bi komunitateren

arteko zatiketa sortaraztea helburu. Gainera, norabide bikoitzeko bortizkeria politikoaren iraunkortasunak garrazki baldintzatzen du eztabaida politikoa. Begi bistakoa da gure gizartean nazio-egitasmo ezberdin bat baino gehiago daudela aldi berean; dena den, nabaria ere bada euskal gizartearen zati handi batek ez dituela gogoko gaur egungo estatu-esparru politikoak, hain baterakoi eta berdinkoiak baitira non ez baitute Euskal Herriak aspaldidanik galdatzen duen bere buruaren adierazpen berezitua ahaleztatzen.

Azken hamarkada hauetan indarrean dauden tresna politikoek – Konstituzioak, Autonomia Estatutuak eta Foru-Hobekuntzak – ez dute gero eta indartsuago geure erabaki-esparru besterenezina galdatzen dugun euskaldunon gurari-helburuak erdiesteko biderik zabaldu.

Estatuaren erreakzioak, jadanik esparru polizialetik ez ezik legislatibotik eta judizialetik ere mamituak, ezer gutxi laguntzen du irtenbiderik zabaltzen noski. Aitzitik, Estatuaren jokaerak, Justizia Epaimahaienak bereziki, eta haien hainbat ebazpen bidegabe berariazkok, suntsitzen dihardute eskubide-estatu eta gizarte demokratiko baten oinarririk funtsezkoenak, egoera ezin gatazkatsuago bat sortaraziz. Gero eta gehiago dira gatazka politiko bat egon badagoela eta irtenbidea maila politiko berean zor zaiola garbi ikusten eta galdatzen duten euskal herritarrak. Alderantzizko beste jarreretan, berriz, ukatu egiten zaio Euskal Herriari, ez bakarrik egitura politiko berezkoak eta berezituak izateko eskubidea, baizik eta baita herri-izatea bera ere.

Honen guztiaren aurrean, ezinbestekoa da, lehenik, dauden eragozpenak zeintzuk diren garbi antzematea, hots, abiaburuko ahuleziak zeintzuk diren, egoera hau gainditzen saiatu ahal izatearren.

Eta, bestetik, zeintzuk diren osagai positiboak, zeintzuk diren dauden indarrak, gatazka-egoera hau gainditu eta Euskal Herriari bere buruaren jabe izaten utziko dion bizikidetasun-esparru berri batera iristearren.

Diagnostiko bateratu bat bilatu behar da, etorkizuneko soluzio-bidetan aurrera egiten lagunduko diguna. Pentsaera eta jarrera ezberdinetatik abiatuz, eta irizpide eta bestelakotasun guztiak errespetatuz.

Diagnostiko honek zera du helburu, etorkizun hurbilean, oraingo egoera hau, denok ukitzen gaituena, hots, euskaldunok, espainiarrak eta frantsesak, gainditzeko proposamenak aurkeztea, irtenbide bidezko eta demokratikoak etengabe galdatzen dituen gure egoera honi kezkati begiratzen dion Europa honen baitan.