1) Euskal Herriko hazkunde tasa negatiboa da, eta, ondorioz, populazioa zahartuz doa, nekazal inguruan batez ere
Hazkunde tasa jaisteko arrazoien arteko batzuk sozio-ekonomikoak dira. Horrela, langabeziak eta lan kontratu txarrek ezegonkortasun ekonomikoa dakarte, eta jendeak gehiago pentsatu eta kalkulatu behar du seme-alabak edukitzeko. Beste alde batetik, oraingo kultura ereduetan bikote bizitza ez da modu zuzenean lotzen seme-alabak edukitzearekin: jendeak gero eta gehiago itxaroten du lehenengo semealaba eduki arte. Ondorioz, populazioa zahartu egin da, eta hurrengo urteotan areagotu egingo da joera hori, nekazal inguruan, batez ere.
Industrializazio prozesuak nekazal inguruan bizi den populazio jaitsiera dakar berarekin, eta teknifikazioak horretan laguntzen du, jende gutxiago behar baita lanerako. Industrigune handiak hurbil daudenean, despopulazio joera leunagoa izaten da, baina urrun daudenean, berriz, oso modu bortitzean agertzen da, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta baita Nafarroa Garaiko eta Arabako beste eskualde batzuetan ere gertatzen denez. Horren aurrean, lurralde berrantolaketa argi bat beharko litzateke, baina botere politikoa falta da horretarako.
2) Inmigrazio zaharraren arazoa bareturik zegoenean, oraingo inmigrazioa berriro ere arrisku gisa ikusten dute batzuek. Etorkinak integratu beharra aipatzen da beti, baina integrazioa zer den eztabaida handia pizten duen gaia da
Euskal Herria emigrazio gune izan da historikoki, baina alderantziz gertatu da XIX. mende amaieratik hona. Etorri zen inmigrazio kopuru handiak arazoak sortu zituen, baina 60ko hamarkadatik aurrera ahalegin handia egin zen gatazka hura konpontzeko, orduko lankidetza giroak eraginik. Azkeneko urteotan hazi egin da inmigrazio kopurua, baina orduko lankidetza giroa ez da hain sendoa, eta berriro entzuten dira etorkinen kontrako iritziak, etorkin zaharren aldetik ere, batzuetan. Horretan laguntzen dute, bestalde, komunikabideetatik zabaltzen diren berri batzuek eta Espainiaren eta Frantziaren politika ofizialek.
Etorkinen integrazioa, bestalde, oso modu desberdinetara ulertzen da. Mutur biak aipatzearren, batzuentzat integrazioa harrera herriak etorkinen kultura agerpide oro errespetatuz eta bultzatuz lortzen da; eta besteentzat, berriz, etorkinek harrera herriaren kultura agerpide guztiak bereganatuz. Jarrera horien artean, hainbat iritzi desberdin ageri da, eta horrek zaildu egiten du arazoaren konponbidea. Gainera,
bertakoek kontrako jarrera erakusten dute batzuetan; eta etorkinen aldetik, bereizi beharra egongo litzateke euskal gizartean integratu nahi eta nahi ez dutenen artean.
Euskal gizartean integratzea ahalbidetuko lukeen inmigrazio politika egoki bat planifikatzeko eta erabakitzeko botere politiko falta sumatzen da Euskal Herrian.
3) Aberats/pobre edo gizartean integratu/baztertuen arteko aldea handituz doa Euskal Herrian. Gizarte bazterketak biztanleriaren kopuru garrantzitsu bat hartzen du.
Langabezia, aldi baterako lanpostuak, baldintza txarreko lanpostuak, eta abar direla eta, hainbat jende errenta baxuarekin bizi da Euskal Herrian. Era horretara multzo handi bi sortzen ari dira gure gizartean: lana eta errenta ertain-altuak dituztenak, batetik; eta lanik ez eta errenta baxuak dituztenak, bestetik. Lehenek gure gizartearen abantaila batzuk hartzen dituzte, baina bigarrenak ondo integratu gabe geratzen dira, gure gizartetik at. Hala ere, arrazoi ekonomikoez gain, sozialek eta kulturalek ere eragiten dute bazterketan. Hemen sartzen dira, besteak beste, batere eskubiderik ez duten etorkinak; prostituzioan ari direnak; homosexualak; eta abar.
Bazterketaren adibide xume (baina ageriko) bat besterik ez da etxebizitzarena. Gero eta gehiago eraikitzen den arren, etxe asko hutsik daude. Espekulazioak agintzen du merkatuan eta, horrela, prezioak izugarri hazten dira. Hori dela eta, gazteek eta, oro har, errenta baxuak dituztenek oso zail dute etxebizitza bat lortzea. Horri aurre egiteko, etxebizitza publikorako politika argi bat falta dela nabaritzen da.
4) Emakumea diskriminaturik dago eremu publikoan eta pribatuan
Emakumea desabantailan dago gure gizarteko eremu publikoan, eta hori frogatzeko datu objektiboak aurkez daitezkeen arren, ez da ahalegin berezirik egiten egoera hori aldatzeko. Eremu pribatuan ere ez dago parekidetasun harremanean gizonarekin, honek ez baititu beregain hartzen harreman orekatu baterako onartu beharko lituzkeen betebeharrak.
5) Pentsaera neoliberalak eraginda, elkartasun sentimendua galduz doa
Sistema kapitalistak bultzatzen duen oraingo pentsaera neoliberalak eraginda, elkartasun sentimendua galduz doa. Nazioarte mailan irteera militarrak hobesten dira; eta Euskal Herrian orain dela urte batzuk baino ardura txikiagoa nabaritzen da gizarte arazoekiko. Bizi kalitatea edo ongizatea erosotasun materialetara mugatzen da, eta norbanakoan zentratua; hori dela eta, ongizatea norberarentzako abantaila materialak lortzea dela pentsatzen da, kolektiboaren ongizateaz arduratu gabe.
6) Biolentzia politikoak agerpide asko ditu Euskal Herrian: heriotza, errepresioa eta ezin egona sortzen ditu, eta norbanakoen eskubideen zapalketa dakar
Biolentzia politikoa zergatik agertzen den era askotara arrazoitzen da, baina argi dago haren ondorioa euskal herritar guztiek jasaten dutela: norabide desberdineko heriotza, errepresioa, ezin egona, oro har, eta eskubideen zapalketa. Biolentzia politikoaren norabide desberdinek zatiketa eragiten dute herritarren artean.
Azkeneko urteotan joera politiko eta mediatiko nabari bat ageri da gatazkaren zama polo bakar bati leporatzeko. Horren barruan, ideiak eta euskal kultura gero eta modu bortitzagoan jazartzen dira.
7) Euskal herritarren artean hiru nazio atxikimendu nagusi (Espainia, Frantzia eta Euskal Herrikoa) eta bi hiritartasun ageri dira (Espainia eta Frantziakoa)
Nazio atxikimendua urteen poderioz eta ageriko edo ezkutuko nazionalismoen bidez lantzen da, eta estaturik osatzen ez duen herriak oso zail du nazio izaera bakar bati atxikitzea. Hori dela eta, gure artean hiru nazio atxikimendu nagusi eta desberdin ageri dira: frantziar nazio sentimendua nagusi da Euskal Herriko iparraldean; espainiar nazio sentimendua oso zabalduta dago Euskal Herriko hegoaldean; eta euskal nazio sentimendua zazpi herrialdeetatik hedatzen da, baina oso pisu desberdinez. Hiru nazio atxikimendu horiek, gainera, estatu bitan garatzen dira, eta hiritartasun bakar bi ageri dira, Espainia eta Frantziakoa, euskal hiritartasun posible bat guztiz ukatua baita estatuen aldetik.
8) Euskal diaspora eta Euskal Herriaren arteko loturak urrunak gertatzen dira askotan
Euskal Herria eta diasporako jendearen arteko loturak nahiko hotz eta urrunak gertatu dira askotan. Euskal Herritik gai ahaztu gisa bizi izan da duela gutxi arte. Eta diasporako herrietatik Euskal Herriko irudi idilikoa gorde izan da, barruan bizi ziren gatazkez gehiegi arduratu ez, eta konpromezurik hartu nahi izan gabe.
9) Arazo handiak daude euskal herritar nor den edo izan litekeen erabakitzeko
Herritartasuna ikuspuntu bat baino gehiagotik osa daiteke. Batzuentzat, kultura ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztenak dira euskal herritar: euskaraz egitea, esate baterako; beste batzuek jatorriari begiratzen diote: norbera eta norberaren arbasoak Euskal Herrian jaioak izatea; beste batzuek lurraldetasunari soilik: Euskal Herrian bizitzea; eta abar. Hortik definizio arazo batzuk sortzen dira: ea euskal diasporakoak, batetik, edo oraingo etorkinak, bestetik, euskal herritartzat jo behar diren, adibidez.
Bereizi beharra dago naziotasun kontzeptua, subjektibotasunaren eremuari dagokiona; eta hiritartasun kontzeptua, objektibotasunaren eremuari dagokiona. Lehenean, norberak erabakitzen du, bere sentimenduen arabera, zein naziori atxikitzen zaion; bigarrenean, berriz, administrazio arau batzuek erabakitzen dute nor den edo izan daitekeen estatu bateko hiritar.
10) Arazo handiak daude Euskal Herria osotasun bat bezala ezagutzen dutenek abertzaleek- diagnostiko bateratu bat egiteko
Hiru nazio atxikimendu nagusi egon arren, ez du esan gura nahikoa denik bakoitzaren pisua jakitea, bakoitzaren barruan ikuskera orokor desberdinak daude eta. Abertzaleen batasuna nagusitzea nahikotzat jotzen dute batzuek ez gatazkaren konponbiderako, baina bai irtenbide baten abiapuntu gisa. Hala ere, abertzaleen artean desberdintasun nabariak daude: eredu sozio-ekonomikoei, bitartekoei, erabaki subjektuei eta erritmoei dagokienez.