Aurkako faktoreak: ahuleziak eta mehatxuak

1) Autodeterminazio eskubiderik ez zaio Euskal Herriari aitortzen.

Euskal Herriari ez zaio kanpotik aitortzen autodeterminazio eskubiderik. Estatuek edota nazioarteko erakundeek ez diote Euskal herriari aitortzen aske erabakitzeko gaitasunik. Barnean, Euskal Herria herri gisa aintzakotzat hartzen duten euskal hiritarren kopurua desorekatua da lurraldez lurralde eta gutxiengoa izan daiteke zenbait lurraldetan. Inoiz galdera zuzenik egin ez den arren, litekeena da autodeterminazio eskubidearen aldeko eta kontrako jarrerak nahiko orekatuak egotea Euskal Herria osotasunean hartuz gero. Egitasmo nazional desberdinak daude gure herrian eta hauetariko batzuk autodeterminazio eskubidea ukatu egiten dute.

2) Euskal erakundetzea mugatua da, lurralde zein eskumenei dagokienean.

Erakundetzea ez da lortu lurralde guztietan, eta lortu denean ez dago euskal erakundeak elkartzeko legezko aukera askerik. Ondorioz, Udalbiltzaren saiakeraz harago ez dago euskal lurralde zein hiritarrak batuko lituzkeen erakunde politikorik. Erakundetuta dauden euskal lurraldeetan autonomia mugatua besterik ez dago.

Autonomia esparru horrek ez du azken hamarkadetan inongo bermerik izan eta edukiz hustu egin du Espainiako Estatuak. Nafarroako kasuan, bertako hiritarrek ez dute zuzeneko aukerarik izan euren egitura politikoa bozkatzeko. Iparraldean, euskal lurraldeek ez dute erakunde politiko berezkorik. Eskumenen gabeziaz harago, zatiketa instituzionalak Euskal Herria desitxuratu egin du.

3) Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten eragileen artean ez dago adostasun nahikorik: ez herri ereduari dagokionean, ezta ere bitarteko politiko batzuen inguruan, borroka armatua, esaterako.

Ez dago herri-estrategia bateraturik. Besteak beste, ez dago akordio minimorik autodeterminazioaren subjektuaren definizio zehatzari edota honen egikaritzarako epe edo erritmoei buruz. Era berean, bitarteko politiko batzuen inguruko irakurketari dagokionean –borroka armatua, kasu– euskal eragileen arteko desadostasuna handia da. Herriaren eredu sozio-ekonomikoari buruzko liskarra ere gogorra da, eta ez dirudi bertako neo-liberalek autodeterminazioan oinarritutako aldaketa politikoa onartzen dutenik. Desadostasun hauek guztiak autodeterminazioaren inguruko indar metaketarako oztopotzat jotzen dira.

4) Estatuen zentralismoa eta errepresioa areagotu egin dira.

Estatuen zentralismoa nazio-estatuaren krisian areagotzen ari da, batez ere, Espainian. Jarrera horren ondorioz eta Euskal herriaren errebindikazioaren sendotasunaren beldurrez, errepresioa gaiztotu egin da arlo guztietan. Kasu batzutan, bertako administrazioak ere ardura nabarmena du errepresioaren gaiztotzean. Euskal nortasun berezituaren defentsan –nazio eraikuntzan– saiatzen den orok zigorra jaso dezake. Bereziki, Espainiako Estatua eredu totalitarioaren atarian jarri da, terrorismoaren aitzakia erabiliaz, jarduera errepresiboek aurrikusi zitezkeen mugak ezabatu baitituzte. Lurralde batzutan, Nafarroan esaterako, erakundeen jarrera oso erasokorra da euskal nortasunaren kontra. Espainiako bi alderdi nagusiak lotzen dituen burdin-itunak elikatu egin du espainiar iritzi publikoak duen jarrera erasokorra euskal gatazkaren aurrean.

5) Europako eraikuntzan estatu-zentrismoa eta estaturik gabeko nazioen mesprezua nagusitzen ari da.

Europako eraikuntza politikoan erabakitzeko eskubidea duten kide bakarrak Estatuak dira. Estaturik gabeko nazioak eskumen mugatuko “erregio” gisa soilik onartzen ditu Europar Batasunak, eraikuntza prozesuan ez zaielarik eskaintzen zuzeneko ardurarik. Subsidiarietate printzipioaren irakurketa mugatuaren arabera, Estatuek lekuko egiturak indartu nahi dituzte, nazio edota erregioen kaltetan. Hiriek ez baitute Estatuen subiranotasuna ezbaian jartzen eta aipatu egitura ertainak, nortasun kolektiboen adierazle direnak, ahultzeko baliagarriak izan baitaitezke.

6) Globalizazio liberalaren eredu hegemonikoak ez dio Euskal Herriaren burujabetasunari mesederik egiten. 

Herri txikien nazio eraikuntzaren eta abertzaletasunaren irakurketa ezkorra hedatu da mundu mailako diskurtso nagusian. Nazioarteko testuinguruan, eskubide indibidual zein kolektiboen murrizketa areagotu egin da erabat. Mehatxu horiei aurre egiteko tresna politiko eraginkorren falta sumatzen da Euskal Herrian. Ez dugu nazioarteko esparruan aliatu indartsurik, irlandarrek Clintonengan izan zuten moduan. Euskal Herria nahiko isolatua dago munduan, eta gure lagunak batik bat

herri minorizatuak dira. Kanpoan nagusi den diskurtsoan, eskubide indibidualen bortxaketa batzuk salatzen diren bitartean, Euskal Herriaren eskubide kolektiboen

edo bestelako eskubide indibidualen urratze oro estali egiten da. Bestalde, burujabetasunaren ibilbidean lagun dezaketen kanpoko eragileen parte hartzea indartzeko ez da ahalegin nahikorik egiten.

7) Nekamena eta desmobilizazioa mehatxu ukaezinak dira Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenentzako.

Desmobilizazioaren arriskua handitu egin da azkenaldian, prozesu politikoaren zailtasunagatik edota errepresioaren eraginez. Gizarte esparru batzutan beldurra heda daiteke errepresio neurrigabearen ondorioz. Autodeterminazioan oinarritutako aldaketa politikoaren motorra izan beharko litzatekeen ezker abertzale sendoaren eta bateratuaren falta sumatzen da. Euskal gizartearen bilakaera ideologiak ere badu balizko desmobilizazioan errurik: ongizate erlatiboa defendatu nahia, balio kontserbadoreen indarra, kontsumismo hazkorra… Hauek guztiek, besteak beste, ahuldu egin dute hiritarren konpromezurako grina.

8) Euskal Herria aintzakotzat hartzen ez duten euskal hiritarren mobilizazio erasokorraren arriskua areagotu egin da, barne gatazka eta gizarte zatiketarenarekin batera.

Gizarte esparru zabalak herri-eredu baten inguruan biltzeko abertzaleek daukaten gaitasuna ahuldu egin da. Euskal elite estatalisten itxikeria eta malgutasun eza azpimarratzekoak dira. Sozialisten jarrera bereziki tamalgarria da gai honetan: Kataluinan ez bezala, Euskal Herria aintzakotzat hartuko luketen jarrera “baskistak” ·oso ahulak baitira gurean. Euskal sindikatu estatalisten edota enpresarien erakundeen jarrera ez da batere irekia autodeterminazioaren inguruan. Kontra-mugimenduen eragina –Ermuko Foroa, Basta Ya, Fundación para la libertad, etab– areagotu egin da komunikabide nagusietatik zein aurrekontu publikoetatik jasotzen duten laguntzari esker. Indarkeria politiko mota batek eragiten dituen eskubide indibidualen urraketek iritzi giro aproposa eskaini diete talde hauei.

9) Alde guztietako alderdikeriek oztopatzen dute euskal herritarrek nahi duten konponbide politikoa.

Autodeterminazioan oinarritutako egoera baketsua, guztion eskubide guztiak edonon aitortuko dituen egoera, alegia, alderdien estrategien eta hegemonia lehiaren menpe jartzen dira askotan, konponbidearen kalterako. Aldaketa politikoa eta soziala lotzeko beharrezkoak diren ezkerreko indarren arteko harremanak ez dira behar bezain beste lantzen. Euskal gizartea inplikatzeko gaitasun ahula dute eragile politikoek eta askotan herriaren izenean aritu beharrean alderdiaren interesen defentsa hobesten dute. Interes horiek eta lortutako ongizatea babestu beharrak baldintzatu egiten du zenbait euskal eragile politikoen estrategia, berau kamustuz.

10) Komunikabide nagusietan Euskal Herriak duen irudia, gatazkaren inguruan Estatuek duten irakurketa politikoan oinarritzen da.

Euskal esparru komunikatiboa nahikoa ahula da. Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten mezu politikoak gizarteratzeko ez dago tresna komunikatibo indartsurik

eta daudenak ez dira zuhurki erabiltzen. Ildo beretik, autodeterminazio eskubidea gizarteratzeko erabiltzen den diskurtsoa ez da behar bezain argia, indartsua eta, era berean, lasaigarria. Bertan gehien jarraitzen diren komunikabideek ez dute Euskal Herria aintzakotzat hartzen. Argi eta garbi hartzen dutenek, berriz, edo ez dute jarraipen handiegirik edota errepresio politikoaren helburu bilakatu diren neurrian ahulduta daude. Estatuetako eta munduko komunikabide nagusietan Euskal Herriak ez du hitzik eta nekez topa daitezke konponbide bidezkoaren aldeko jarrerak .