1) Herri gisa irauteko eta garatzeko borondate tinko eta jarraitua dago Euskal gizartearen multzo zabalean.
Euskal Herria osotasunean hartuta, euskal nortasun politikoa aitortzearen aldeko euskal hiritarren kopurua handia da. Herri izaera ezin da soilik hauteskunde emaitzetara mugatu, herri galdeketa zuzeneko batek ziurrenik Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenen kopurua abertzaleena baino askoz ere zabalagoa dela erakutsiko bailuke. Euskal herriaren nortasun politikoaren defentsa egiturazko ezaugarria da gure gizartean: jarraipen historikoa du, gaur egun ukaezina da, eta etorkizunera begirako egitasmo itxaropentsua proposatzen dio euskal gizarteari.
2) Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenen artean politikagintzari buruzko hausnarketa bateratua zabaltzen ari da, bai maila teorikoan zein estrategia politikoen inguruan.
Oro har, jarrera malguak sumatzen dira euskal eragileen artean: indarrak batzearen aldeko joera, alegia. Estatutuaren kudeaketan aritu diren eragileak ere onartu dute autodeterminazio eskubidearen aitorpen argia dela edozein botere esparru bermatzeko modu bakarra. Konponbidearen garaia iritsi denaren ustea oso zabaldua dago. Euskal Herria aintzakotzat hartzen dutenen artean adostasun minimoak badaude: Euskal herria osotasunean onartzea, autodeterminazioaren eskaera, gaur egungo une historikoaz baliatu behar denaren ustea eta euskal eraikuntza politikoa bide demokratikoak eta barneratzaileak jarraituz egin behar dela pentsatzea, esaterako.
3) Abertzaleak ez diren euskal hiritarren jarrera irekia da autodeterminazio eskubidearen inguruan.
Prozesu soberanista demokratikoari erabateko betoa jartzeko prest hiritar kopuru eskasa legoke. Abertzaleak ez direnen artean ere erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera oso hedatua dago. Inortxok ukatzen du gatazka politikorik dagoenik. Gatazka politikoa modu demokratikoan gainditzeko herri borondate zabala dago Euskal Herrian. Alegia, konponbidea erabakitzeko gaitasuna aitortzetik etorriko denaren iritzia, nahikoa komuna, zeharkakoa da euskal gizartean.
4) Nortasunaren araberako komunitate-zatiketa nabarmenik ez dago gurean. Euskal gizarteak heldutasun nahikoa du barne aniztasuna onartzeko.
Zatiketa, oraingoz, elite politikoetara mugatzen da. Ez dago beste gatazka politikoetan bezala nortasun nazionalaren araberako gizarte zatiketa sakonik. Arrisku hori erabat baztertu ezin baldin bada ere, ez dago maila teoriko zein praktikoan inongo bazterketa edo bereizketa etnikorik proposatzen duen euskal eragilerik. Euskal nortasunak izan duen jazarpenetik at, ez dago bazterketa etnikoaren aurrekaririk, eta, hortaz, ezta ere konponezinezko irain historikorik. Egitasmo, nortasun kultural, helburu politiko guztiei zor zaien begirunea errotuta dago euskal gizartean.
5) Erakundetze aipagarria dago Euskal Herriaren hegoaldeko lurraldeetan. Euskal Herriko iparraldean berriz, erakundetzearen eskaera hezurmamitu da.
Hegoaldean, errebindikazio politikorako abiapuntu gisa erabil daitezke gaurko erakundeak baldin eta estrategia soberanistaren menpe jarriko balira. Munduko beste herriekin alderaturik ezin esan daiteke Euskal Herriak inongo tresna politikorik ez duenik. Mugatua eta zatikatua izanik ere, aitorpen instituzional minimoa ezin izan diote ukatu Euskal Herriari. Iparraldean Euskal nortasun politikoa defendatzen dutenen artean elkarlanerako joera sendotu egin da azkenaldian: Erakundetze eskaera minimoaren inguruko adostasuna lortu da, hain zuzen ere.
6) Erakunde nazionalen sorrerak, Udalbiltzarena esaterako, itxaropena zabaldu du eta herri nortasuna errotzen lagundu du Euskal Herriaren nortasun politikoa defendatzen dutenen artean.
Lurralde ezberdinen arteko harremanak ugaldu egin dira eta Euskal Herri osorako estrategiak bideratzea errazagoa dirudi. Elkar ezagutza sakondu egin da urteotan. Herrikidetasuna, nazio bakar gisa aritzeko gogoa areagotu egin dira. Sasimugaren desagerpena, Europako eraikuntza, gertuko herrien burujabetza prozesuak, aldaketa politikoaren garaia zabaldu denaren ustea, eta lehen erakunde nazionalaren sorrera, besteak beste, elementu azpimarragarriak izan dira euskal nazio nortasunaren errotzean.
7) Nazioarteko ingurunean ibilbide baikorrak zabaldu dira: Bestelako munduan, bere buruaren jabe izango den bestelako Euskal Herria posible da.
Globalizazio neo-liberalaren kontrako mugimendu alternatibo sendoarekin bat egiten du euskal errebindikazioak. Arlo guztietako autodeterminazio eskaera mugimendu alternatiboaren erro-erroan dago. Bide demokratikoen onarpena zabala da nazioarteko inguruabarrean eta askapen-prozesu demokratikoak oztopatzeko argudioen ahulezia, berriz, nabarmena. Europako eraikuntza prozesua irekita dago eta Estatu berri txikiak barneratzen ari dira, Euskal Herriaren parekoak direnak. Estatu Espainolean eta Frantziarrean lurralde berrantolaketaren eztabaida zabaldu da eta autodeterminazio eskaerak ugaldu: Korsika, Kataluina, etab. Euskal diaspora arbasoen lurraldean burutzen ari den prozesu politikoan partaidetza eraginkorragoa eskatzen ari da azkenaldian.
8) Subiranotasunaren bidea egiteko tresna teoriko-praktiko eraginkorrak eta malguak daude eskura.
Maila praktikoan, erabakitzeko gaitasuna garatzeko tresna berriak ugaldu dira munduan zehar eta batzuk erabiliak dira jada: soberanismoa, herri-galdeketa, geometria aldakorreko egitura politiko berriak, borondatezko erakundeak… Euskal Herria ez da ataka honetan dagoen herri bakarra. Maila teorikoan, berriz, errealitate politikoak ulertzeko eredu alternatiboak, indigenismoa, esaterako, mundu mailan aintzakotzat hartzen ari dira eta euskal herriak sare politiko berri horietan errotzeko aukera ezin hobea du. Gurean ere, konponbiderako proposamenak ugaldu egin dira azkenaldian, eta zenbait erreferentzia politiko indartsu ernatzen ari da euskal errebindikazioa ardaztuz, nafar estatuaren inguruko hausnarketa, adibidez.
9) Euskal kultur-mugimenduaren indarrak lagun dezake iritzi publikoaren esparruan burutu beharreko borroka diskurtsiboan.
Bitarteko intelektualak inoiz baino indartsuagoak ditu Euskal Herriak. Euskal hiritargoa politikoki heldua da, jantzia, aditua. Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten komunikabideek, hedatuenak ez diren arren, oso lotura zuzena dute euskal gizartearen esparru aktiboenekin, gizarte abangoardia izan daitekeenarekin. Euskal esparru komunikatiboa tinkotzen ari dela dirudi, munduaren ikuskera berezkoa garatzeko lanabesak nahikoa saretuta baitaude Euskal Herrian.
10) Errepresioa gora-behera, autodeterminazioaren alde ari den euskal gizarte esparruak ez du galdu ekimen politikorako gaitasunik.
Gizarte esparru zabalak daude Euskal Herrian konpromiso sozial politikorako prest. Euskal gehiengo sindikalak berebiziko garrantzia du eta konprometituta dago gizarte indar metaketa horretan. Euskal Herrian partehartze politikorako eta borrokarako kultura sendoa dago oraindik ere: gizarte talde, ekimen, herri mugimenduak sortzeko gaitasun izugarria dago euskal gizartean. Autodeterminazioaren aldeko euskal gizarte zibila arras bizia da.