Euskal Herriaren nazio izaeraren inguruan definitu genuen gure eginkizuna. Nazio izaera hori bi zentzutan zaintzeko:
Biziraupena. Gure nazio izaeraren ezaugarri diren adierazle ugari arrisku bizian daude. Gure herriaren etorkizuna bermatzeko nazio gisa erantzun behar diegu egoera horiei.
Garapena. Euskal Herriak nazio gisa etorkizunik izango badu, lehentasunezko eremuetan dituen erronkei aurre egiteko erabakiak hartu eta gauzatu beharko ditu.
Eginkizunak bi ardatz nagusi horien inguruan finkatuz, Guneak eta Biltzarrak lan zehatza hartu dute beren gain:
1.-Euskal Herriaren egoera herri gisa aztertzea eta aurrera egiteko herri estrategia adostea
Nazio Eztabaida Guneak, Euskal Herriaren inguruko azterketa egitean honako berezitasunak hartzen ditu kontuan:
o Euskal Herri osoa du aztergai. o Euskal Herria aintzat hartzen duten sektore guztiei irekia.
o Nazioa hartzen du abiapuntutzat, Euskal Herriaren egoera orokorraren inguruan lan egiteko konpromisoarekin.
o Esparru guztietako eragileetako kide eta eragileekin.
o Helburua erronka nagusiak zehaztea eta erronka horiei heltzeko konpromisoak eraikitzea da.
2.-Euskal Herriak nazio gisa bizirauteko eta garatzeko lehentasunak finkatzea
Euskal Herriak eremu guztietan egin behar du aurrera. Nazio bat eraikitzeko ezin dugu gure arreta osoa ezaugarri bakar batean edo bitan jarri. Hamaika esparrutan gabiltza euskal herritar bezala bizitzeko urratsak egiten. Ehunka dira sektorialki zein orokorrean eratu ditugun eragileak, gure helburua atxikitzeko. Sortu ditugun egitura horiek eta antolatu garen herritarrok helburu komun horri begira ari gara bultzaka, baina ez da erabat antolatua eta planifikatua den prozesua. Ahalegin sakabanatu horrek eraginkortasunean irabaz dezan, derrigorrezkoa zaigu herri estrategiaren arabera lehentasunak definitzea eta erabakitzea.
Nola finkatu, ordea, lehentasunak? Lortu nahi dugun helburuaren arabera definitu behar ditugu. Arestian esan bezala, nazio garapenaren eta biziraupenaren ikuspuntutik egin nahi ditugu urrats erabakigarriak. Ikuspuntu horretatik finkatuko ditugu, beraz, lehentasunak.
Lehentasunak finkatzea denon eginkizuna da, baina batez ere erantzukizun ariketa bat da. Lehentasunak erabakitzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da, lehentasun horiek denek hartzea halakotzat.
3.-Euskal Herrirako plan estrategikoa antolatzea eta bere gauzapena bideratzea
Lehentasun horiek finkatzeko prozesua planifikazio orokor bat definitzeko lehenengo urratsa da. Lehentasunetatik abiatuta, planifikazio nazional baterantz egingo dugu. Egin nahi dugun bidea neurgarria izan dadin, ongi planifikatu eta zehaztu behar dugu. Planifikazio estrategiko hori ez dugu goizetik gauera adostuko, baina bide horretan ari gara lanean.Planifikazioa konpromiso zehatzen kateak sortzeko bidea da. Epe zehatzen inguruan, denon artean finkatzen dugun moduan baliabide eta bitarteko berriak sortuz eta bideratuz.