Urratsak/neurriak
EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA ZERBITZU PUBLIKORANTZ URRATSAK. HEZIGUNE BAKOITZEAN GARA GENITZAKEEN NEURRIAK
Hezigune bakoitzak bere berezitasunak izango baditu ere, hezkuntza eskubideak aintzat hartuko dituzten heziguneen artean «EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA PUBLIKOAREN ELKARGUNEA» osatuko da.
Eskubideak berma daitezen, hezteko prozesua hobetzea eta egokitzea izango da hezigune bakoitzaren egitekoa. Elkargunearen egitekoa, berriz, kalitatezko hezkuntza zerbitzu publikoa indartzea eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortzea. Bide horretan:
-
Euskal Herriko Hezkuntza Eskubideen baitan hezigune bakoitzak bere hezkuntza proiektu propioa izan behar du, behar errealetik abiatuko dena, komunitateko partaide guztiena izango dena eta gestio eta gainbegiratze demokratikoak izango dituena. Horretarako, hezkuntza sistemak eredu dezentralizatua izan behar du. Eta ezinbestekoa da zentroen autonomia (antolaketa, pedagogia, ekonomia, langileria, ebaluazioa…).
-
Heziguneak, beste eragile batzuekin elkarlanean, ikasle guztiak euskaldundu behar ditu, eta euskaraz bizi ahal izateko prestatu.
-
Jendartean eta jendartearen bidez heltzen da norbanakoa gizaki izatera. Heziketak neska-mutilen kontzientzia librea eta kritikoa garatzen lagunduko du, jendartea hobetzeko.
-
Errespetuzko pedagogia pertsonalizatua eta esanguratsua lagungarriak dira heziketa prozesuan. Pedagogia ikertzailea eta zientifikoa da bultzatuko dena, eskubide berdintasunaren balioa sustatzen duena, hezigaien behar afektiboa eta emozionala kontuan hartzen dituena, helburu ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak lortzea duena…
-
Heziguneak inguruarekin harreman zuzena izan behar du. Ingurua integratzeaz gain, inguruan eragin behar du, eraldaketa edo bilakaera gauzatu nahi baditu. Ideia horri eutsiz, Euskal Curriculuma garatzea egite pedagogiko koherentea da, eta baliagarria herritarren kohesioa lortzeko. Horretan guztian, langileak eta batez ere hezitzaileak dira eragile garrantzitsuak. Horien hasierako prestakuntza, ondorengo eguneratzea eta lanerako jarrera irekia eta kooperazioaren aldekoa ezinbestekoak dira.
-
Heziguneak menpeko erlazioak baztertu, eta eskubide berdintasuna izango du helburu. Sexuen arteko parekidetasuna lortzeko metodologia didaktiko egokia aplikatuko da.
-
Hezkuntza behar bereziak (fisikoa, psikikoa, egokitzekoa, hizkuntzazkoa…) dituzten hezigaiei era egokian erantzun behar die. Hau da, aukera berdintasuna garatzen duen jendartea lortzen lagundu behar du hezkuntzak, behar handiena duenari laguntza handiena eskainiz, ahalik eta jendarte kohesionatuena eta inklusiboena lortzeko bidean.
-
Etorkinak hezigune edo gela berezi batzuetan elkartzea baino egokiago da ezaugarri anitzak dituztenak ikasgela beretan elkarrekin aritzea, hala nola: jatorri desberdinekoak, maila sozial eta kultural anitzekoak, hainbat gaitasun eta muga dituztenak…
-
Hezigunearen bizitza dinamikoa, parte-hartzailea eta demokratikoa izango da. Komunitateak (langileak, gurasoak, hezigaiak…) erabakietan parte hartzeak bermatzen du hori.
-
Heziguneen eta unibertsitateen arteko elkarlana sustatu egin behar da, ikerketek eguneroko hezkuntza prozesuekin zerikusia izan dezaten eta aplikazio praktikoa eduki dezaten.
-
Hezkuntza prozesu orokorrak eta hezigune bakoitzaren ibilbidea ebaluatu beharrekoak dira. Ikasi eta hezteko prozesuen jarraipena egin behar da hobekuntzak egin ahal izateko.
-
Hezkuntzak hezigune esparrua gainditu, eta familiarekin, aisialdiarekin, komunikabideekin, teknologia berriekin, bidaiekin, jokoekin eta jendarte-ekintza ororekin harremana eta elkarreragina du. Horren harira, egungo behar sozialei (familia eredu askotarikoak, emakumeen kanpo-lanerako sarbide handiak, eskolaz kanpoko eta aisialdiko eskaintza ugariak, teknologia berrien eragina, lan, eskola eta familia ordutegi ezin josiak…) era egokian erantzungo dien hezkuntza eredua lortu beharra dago, eta eskolaren betekizuna aztertu beharra.
|