2005eko urrian Nazio Eztabaida Guneak Zarautzen ospatzen zuen osoko bilkura. Bertan, Euskal Unibertsitatearen egitasmoak azken urtetan izandako bilakaera ikusirik eta unibertsitate propio batek herri baten biziraupen eta garapenerako duen garrantziaz jabeturik, egitasmoa gure herriarentzat lehentasunezko bezala onartzea erabakitzen da, Nazio Planean jasotzen delarik, honek daukan pisu guztiarekin. Azken urtetan hamaika bilera, eztabaida eta jardunaldi antolatu ditugu horren ondorioz.
Aurten Nazio Eztabaida Guneak, Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Euskal Unibertsitatearen proiektuaren osatze fasea bukatu delarik, egitasmoaren gauzapen fasean lehenbiziko urratsak emateko.
Bide horretan izango dugun lan nagusia EUSKAL UNIBERTSITATEAREN FUNDAZIOaren sorrera bultzatzea izango da, egitasmoaren alde dauden eragileak bilduko dituena (euskalgintza, hezkuntza mundua, enpresak...) eta unibertsitatea sortzeko prozesua azken muturrera eramango duena. Horrekin batera, unibertsitateak behar duen oinarrizko azpiegitura eskuratuko da aurten (edo horretarako bideak ireki) eta beharrezkoa izango den babes politikorako harremanak ere landuko dira.
Lan honekin paraleloan, egungo unibertsitatetan Euskal Unibertsitatearen proiektuaren sozializazio kanpaina abian jarriko da.