2005eko urrian, Zarautzen ospaturiko eh´05 Nazio Eztabaidan Euskal Herrirako lehen Nazio Plana adostu zen, eragile zein herritarrekin egindako eztabaida prozesu partehartzaile baten ondorioz.
Orduan adosturiko Nazio Plana, Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bermatze bidean, gure herrian nazio eraikuntza era antolatuan eta ahalik eta adostuenean egin zedin sortua izan zen, naziogintzan diharduten guztiontzako erreferentzi komun gisa. Azken batean, bide orri bat izan da, nazio eraikuntza lana bideratuz, Euskal Herria eta euskal herritarren eskubideen bermean urratsak emanez, gure nazioaren biziraupena eta garapena ziurtatzeko. Eta zalantzarik gabe, orduan finkaturiko Nazio Planaren garapenean, erreferentzia garrantzitsuak sortu dira.
Euskal Herriaren biziraupenerako Nazio Estrategia bat finkatzea izan du helburu plan horrek. Horrexegatik, elkarlanean, adostasunez, estrategia bateratua aurrera eramateko printzipio batzuk biltzeaz gain, egitasmo, lan lerro eta proiektu andana biltzen ditu.