Aurkezpen Dokumentua

NAZIO PLAZA

Ekainaren 7an Iruñean

Nazioa gara, Zazpiak bat, Auzolanean

Agerraldi honen bitartez, datorren ekainaren 7an Iruñean burutuko den Nazio Plaza ekimena aurkeztu nahi dugu. Nazio Eztabaida Guneak sustaturik, lurralde, sektore eta sentsibilitate ezberdinetako herritar multzoa ekimen honetan bildu gara. Nazioa gara, zazpiak bat, auzolanean goiburuak, zabaldu nahi dugun mezua bere baitan biltzen du.

Nazioa gara, ZAZPIAK BAT

Euskal Herria, munduko nazio burujabeen mapan kokatu nahi duen nazioa da. Gaur gaurkoz, Euskal Herria nazio gisa ez dago aitorturik eta Aberri Egunean egin genuen bezalaxe, gaur ere nazio bat garela eta geure buruaren jabe izan nahi dugula ozen aldarrikatu nahi dugu.

Historiari eta orainari erreparatuta, ukaezina da nazio batek dituen ezaugarri guztiak ditugula gurean: hizkuntza, kultura, lurraldeak, ekonomia, historia, nazio bat garenaren kontzientzia kolektiboa... Europako nazio zaharrenetakoa gara. Mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, milaka gizon eta emakumeon lan eta izerdiari esker, ezaugarri horiek iraunaraztea lortu dugu. Herri bizia garelako eta izaera propioa dugulako, XXI. mendean geure buruaren jabe izateko aukera zabalik dugu. Norabide horretan doan aldaketa garaiak dira bizi ditugunak.

Edonola ere, hona ekarri gaituen bidea ez dela erraza izan nabarmendu nahi dugu. Etorkizuneko bidea ere ez da oztoporik gabekoa izango. Euskal Herriak ukaturik eta zatiturik jarraitzen du eta eskubideen bermean oinarritzen den konponbide demokratikoa ukatzen ari zaio. Hain zuzen ere, garena izatea galaraziz, gure biziraupena kolokan jartzerainoko egoeran gaude oraindik. Gure nazioa espainiar eta frantses estatuen baitan urtzeko ahaleginek ez baitute etenik izan. Denboran zehar etorkizuna erabakitzeko ahalmenik gabe utzi nahi gaituzte, Euskal Herria pixkanaka desegituratuz, burujabe izateko aukera betirako gal dezagun.

Baina xede hori dutenak oker dabiltza. Euskal Herriaren lurraldetasunean eta erabakitzeko eskubidean oinarritzen den aldaketaren aldeko lana geldiezina baita. Nazio eraikuntzaren eta dagozkigun eskubideen alde milaka herritar eta ehunka eragile baikabiltza Euskal Herriaren luze zabalean: euskararen normalizazioaren alde, hezkuntza sistema nazionala bultzatuz, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna landuz, esparru sozio- ekonomiko propioa jorratuz edo eta gure kultur garapena sustatuz. Funtsean, egunez egun, esparruz esparru, herriz herri eta nazio mailan sustatzen ari garen dinamika eta egitasmo estrategiko ezberdinak ezinbesteko aktiboa dira Euskal Herriak hain beharrezkoa duen aldaketa politikoa erdiesteko. Eraikuntza dinamika horiek guztiek eskubideen bermeari, lurraldetasunari eta erabakiak hartzeko determinazioari erantzuten baitiete. Euskal Herria aldaketaren alde martxan dagoen herria da.

Beraz, Euskal Herriarentzat agertoki berri bat eraikitzen eta aldarrikatzen ari gara. Agertoki horrek ezinbestez Euskal Herriaren aitortza, lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea barne bildu behar ditu. Burujabetza lortu ahal izateko eta bizi dugun egoerari dagokion konponbide demokratikoa emateko ezinbesteko osagaiak dira.

Auzolanean, elkarlanean

Abertzaleen eta finean aldaketaren alde indarrak biltzeko beharra gailentzen ari da garaiotan. Gaur hemen sentsibilitate, ikuspegi eta esparru ezberdinetako herritarrak bildu gara. Argi dugu, bakoitzak bere proiektu politiko edo sozialari uko egin gabe, Euskal Herriaren burujabetzaren alde indarrak metatu eta elkarlanean oinarrituriko nazio estrategia gorpuztu beharra dugula.

Noiz aitortuko gaituzten zain ezin gaitezke geratu. Euskal Herriaren biziraupena eta garapenaren aldeko lanean gabiltzan guztion elkarlana eta indar bilketan urrats berriak ematen joatea ezinbestekoa da. Nazio gisa pentsatuz eta arituz egingo dugu aurrera. Sektore, eragile, lurralde, eskualde edo eta herri ezberdinetako herritarron arteko lankidetza eta auzolan dinamikak dira Euskal Herria egituratzeko dugun indar gunea.

Modu honetan, nazioa gorpuztu, gure lurraldea egituratu, erabakiak hartu eta eskubide guztiak bermatzeko urratsak emango ditugu.

Nazio Plaza

Hauxe da ekainaren 7an Iruñean egingo dugun ekimenaren funtsa. Euskal Herriaren aldeko nazio eraikuntzaren aktibo guztiaren ahotsa bilduko duen NAZIO PLAZA. Ahal bezainbeste indar bilduta, nazioa garela ozen aldarrikatu eta aldaketa politikoaren alde martxan dagoen herria agertzea dugu xede nagusia.

Esan bezala, Iruñea, Euskal Herriko hiriburua, izango da deialdiaren kokalekua. Honela, Nafarroa Garaia Euskal Herriak behar duen aldaketan ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu.

Aberri Egunean egin bezalaxe, Nazio Plaza ekimena babestu eta ekarpena egin ahal izateko kontu korrontea zabaldu dugu, hauxe da: Euskadiko Kutxa 30350060480600119223.

Besterik gabe, Iruñetik, euskal herritar guztiak ekainaren 7ko Nazio Plazan parte hartzera animatu nahi ditugu. Bilaka dezagun Iruñea aldaketaren plazaren erdigune, milaka ahots ezberdinekin ahots bakarra ozen aditu dadin.

 

Iruñean, 2008ko maitzaren 3an