EUSKAL HERRIAREN EGITURAZKO EGOERAREN GAKO NAGUSIAK

 

Euskal Herrian bizi dugun egiturazko egoeraren gako nagusia, NAZIO aitortza eza da. Euskal Herria estatu espainiar eta frantsesak ukatua da eta nazio bezala ez du aitortzarik. Euskal Herriaren existentzia eta identitatea ukatzeak gatazka politikoa eragiten du. Finean, Euskal Herria subjektu politiko gisa ez onartzeak, egiturazko egoeraren gako diren beste hainbat ondorio dakartza:

 

  • Eskubide kolektibo eta indibidualen urraketa.

Euskal Herriaren nazio eskubideak eta euskal herritarron eskubideak era sistematikoan urratzen dira Euskal Herrian. Indarrean den esparru juridiko- politikoak eta demokrazia ezak aipatu eskubideen urraketa ahalbidetzen du.

  • Lurralde zatiketa.

Euskal Herriari lurralde zatiketa ezartzen zaio. Estatu espainiar eta frantsesaren artean banaturik dago gure herria, baita eremu autonomiko eta legal ezberdinetan ere. Lurralde zatiketan oinarrituriko esparru juridiko- politikoa, euskal herritarrok libreki adierazitako borondatearen ondorioz baino, ezarpenez dago indarrean.

  • Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ahalmen eza.

Euskal herritarrok ez dugu gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea aitorturik eta beraz, gauzatzeko modurik ere ez. Gure nazioaren etorkizuna espainiar eta frantses estatuek erabakitzen dute, euskal herritarron hitza adierazteko bideak ukatuz eta antolakunde eta instituzioen erabakiak baliogabetuz.

Honen guztiaren ondorioz, XXI. mendean gure nazioak ez du bere biziraupena ziurtaturik. Areago, nazio gisa antolatu, egituratu eta garatzeko mekanismo juridiko eta politikoen gabeziak, Euskal Herriari bere buruaren jabe izateko ezintasunak ezartzen dizkio. Horrek, nazio baten ikuspegitik, esparru estrategikoetan gabezia nabarmenak dakartza: instituzio nazional egokien gabezia; euskararen berreskurapen osoa lortzeko ofizialtasun eza eta hizkuntza politikarik ez izatea; hezkuntza sistema nazionalaren hutsunea; politika ekonomiko eta sozial propiorik ez izatea; baliabide eta mekanismo ekonomikoen gabezia (banku nazionala edo eta politika fiskalak kasu), estatistika zerbitzu nazionalen gabezia, nazio gisa nazioartean ordezkaritza propiorik ez izatea... Nazio gisa egituratu eta garatzeko ezinbestekoak diren zutoinen gabezia agerizkoa da Euskal Herrian.  

Egungo esparru juridiko- politikoa Euskal Herriak jasaten duen egiturazko zapalkuntza ahalbidetzeko tresna eraginkorrena dela esan daiteke. Nazio gisa bizirauteko eta garatzeko, burujabetza osoa lortzea ezinbestekoa du Euskal Herriak.

hasi saioa edo harpidetu iruzkinak bidaltzeko