|
|
Nabigazioa |
EUSKAL HERRIAK BIZI DUEN TESTUINGURU POLITIKOA
Esan bezala, aipatu egiturazko egoerak, nazio egiten gaituzten zutoinak behar adina eraikirik eta garaturik ez izatea dakar. Egoera honetan, bi estatuek daramaten estrategia erabakigarria da. Zapalkuntza iraunkor horren baitan, neurri eta eraso berriak pairatzen ari gara. Horrela uler daitezke azken hilabeteotan alor ezberdinetan bultzatzen ari diren neurriak eta murrizketak: - Instituzio ezberdinetan bandera espainolaren ezarpenean estatu espainiarrak eman dituen urrats berriak: Bilbo, Donostia, Durango... Aurrera begira, ezarpen orokortu batetarantz urrats berriak iragartzen zaizkigu. - Euskararen egoera kezkagarria berresten duten 2006ko ikerketa soziolinguistikoaren datu berriak kaleratu dituzte. Euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina dela erakusten dute datuok. Bereziki Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoari dagozkion datu larriak aipa daitezke. Honek garbi erakusten du, egun, euskararentzat estatus egokirik gabe, corpus juridikorik gabe eta hizkuntza politika eraginkorrik gabe ezinezkoa dela euskara normalizatzea. Bestetik, Frantziako Konstituzioaren balizko aldaketaren inguruan sortu den zurrunbiloak ondoriorik izan ez duela ikusi dugu. Azkenean, eztabaida antzu bihurtu da, Frantziako Gobernuari nazioartetik egiten zaizkion gomendioak saihestu eta nazio ezberdinetatik dauden aldarrikapenak (Euskal Herria kasu) indargabetzeko estrategian kokatu behar delarik sortu eztabaida. - Euskal herritarron hezkuntza eskubideen urraketan oinarritzen diren hezkuntza sistemen inposaketak irauten du (curriculum arrotzak, selektibitatea- baxoa, eredu unibertsitario arrotza...). Eremu administratibo ezberdinetatik, egungoa iraunaraztea helburu duten urrats ezberdinak ematen ari dira (euskalduntzen ez duten ereduak, publiko- pribatu eztabaidaren luzapena dakarten finantziazio ereduak...). Finean herri bezala ematen ari garen urratsen aurrean, egungo hezkuntza sistema indartzeko neurriak ari gara ezagutzen. - Kirolaren esparruan, Euskal Herriak nazio gisa nazioartean lehiatu ahal izateko galarazpenak. Ukazio hau, iraunkorra izanik ere, hainbat kiroletan parte hartzeko egon diren aukeren aurrean ere, aukera horiei ateak itxi baitzaizkie. - Eredu sozialari eta lurrari loturik ezartzen ari diren makro proiektuak. Herritarrei hitza eman eta erabakitzea urratzen ari zaielarik. Honekin batera, lan eta aldarrikapen sozialen aurreko kriminalizazioa nabarmen handitu da. - Lehen sektorearen etorkizuna larriki baldintzatzen duten neurriak. - Laborantza Ganbararen kontra ireki den bidea eta epaiketa. - Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian politika fiskalaren kontrako neurriak. - Emakumeen eskubideen aldarriaren kontrako jazarpena. Adibide gisa, Nafarroa Garaian martxoaren 8an jasotako gertaerak. Egungo esparru juridiko- politikoan oinarrituz, Euskal Herriaren biziraupenaren eta garapenaren ikuspuntutik estrategikoak diren eremu eta alorretan neurri berriak ezartzen ari dira. Nazio izaera ahuldu, lurralde zatiketan sakondu eta Euskal Herriaren garapena indargabetzeko praktika da indartu dutena. Honen guztiaren aurrean, Euskal Herrian, milaka gizon eta emakumeren eta ehunka eragileren eguneroko eraikuntza lanaren bidez, egiturazko egoera gainditzeko lana ez ezik, Euskal Herria egituratu eta bere buruaren jabe izateko ahaleginak ageri zaizkigu: - Udalbiltza berregituratzeko egiten ari diren ahaleginak. - Ikurrinaren alde abian jarritako ekimen herritarrak eta mobilizazioak. - Euskal Unibertsitatea sortzeko emandako urrats garrantzitsuak. Euskal Herriarentzat estrategikoa den proiektu honen sorrera bultzatuko duen Fundazioa abian jarri izana nabarmenduz. - Euskal Curriculumaren definizioan aurreraturikoa eta egitasmoaren aurkezpen publikoa. - Euskal selekzioaren aldeko aldarriaren aldeko indarren metatzea, bereziki azpimarratuz abenduan egindako manifestazio jendetsua. Honi, azken garaian euskal futbolariek egin ekarpen garrantzitsua gehitu behar zaio. Hots, Euskal Herriaren izenean jokatu eta euskal selekzioaren ofizialtasunerantz urrats sendoak emateko borondatea erakutsi baitute 150 gora kirolarik agiri batean. - Nazio auzolan praktika berrien garapena, lurralde zatiketa gainditzen joateko praktika eraginkor gisa. Hor koka daitezke Zuberoaren garapena helburu duten harreman eta dinamikak edo Kako etxaldearen etorkizunari loturik, nazio mailan antolatu den auzolan dinamika, zeinaren bitartez, etxaldea berreskuratzea lortu den. - Ezartzen ari diren eredu sozial eta proiektu ezberdinen aurreko ekimen sozial ugariak: errauskailuen edota abiadura handiko trenaren aurkakoak aipa daitezke. Zentzu horretan, lurralde ezberdinetako udalerrietan egin diren herri galdeketak eta herritarren iritzia azpimarra daitezke. - Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Kartaren definizioa. Honek guztiak, estatu espainiar eta frantsesak Euskal Herriarekin duten talka erakusten digu. Hots, Euskal Herria estatuen ereduaren baitan urtzeko ahalegin etengabeak, gure nazio izaera nabarmen kaltetzen du. Baina era berean, hemen, dagozkion eskubideei muzin egiten ez dien nazio bat badela ere erakusten digu. Euskal Herrian, herri sektoreen eta herritarren bultzadarekin, eraikuntza lanak eta aldarri ezberdinek egoera berri bat lortzea dute helburu. Euskal Herria nazio gisa onartzetik hasi eta dagozkigun eskubide guztiak erdiesteraino. Arestian aipaturiko aldagaiok guztiak Euskal Herrian bizi dugun testuinguru politikoaren erdian kokatzen dira. eh´07 Nazio Eztabaidan, Euskal Herriaren burujabetzaren norabidean urrats esanguratsuak emateko, datozen urteetan beharrezkoa den aldaketa politikoaren oinarri nagusiak finkatzen genituen:
Euskal Herriaren biziraupen eta garapenaren ikuspuntutik, nazio gisa egituratu ahal izateko, oinarri horiek barne bildu behar dituen esparru juridiko- politikoaren aldaketa funtsezkoa da. Hain zuzen ere, aipatu dugun bezala, oinarri nagusion urraketak ahalbidetzen du egun bizi dugun egiturazko zapalkuntza egoera. Elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren hausturaren ostean, iaz abagune politikoan aldaketa nabarmena gertatu zela ondorioztatzera iritsi ginen. Enfrentamendu egoera nabarmentzen joan da hilabeteotan zehar. Honek guztiak bizi dugun testuinguru politikoa ezaugarritu ez ezik, agerizkoa da datozen hilabeteetako egoera ere ezaugarrituko duela. Eskubideen urraketa eta aldaketa politikoa Bi estatuen aldetik eskubideen urraketan ematen ari diren urratsetan jauzi kualitatibo bat ondoriozta daiteke: Batasunaren kontrako atxiloketak eta espetxeratzeak; ilegalizazio bidean sakontzeko urrats andana; makro epaiketak, epaiak- espetxeratzeak eta epe laburrean izango direnak (18/98, amnistiaren aldeko mugimendua, Udalbiltza edo Euskaldunon Egunkaria); Laborantza Ganbararen epaiketa; torturen ugaltzea; euskal preso politikoekiko neurri berriak (bizi arteko zigorrak, gaixo larrien egoera...)... Hain zuzen ere, 2003an Nazio Eztabaida Gunea sortu zenean, eskubide murrizketa hauetan guztietan urratsak ezagutzen ari ginen. Kezka horretatik, gure nazioaren biziraupenaren eta garapenaren alde indarrak metatu eta nazio gisa aritzeko premia nabarmenduz. Aldiz, denborak aurrera egin ahala, errepresio bide hauetan sakondu eta Euskal Herriaren eraikuntzaren alde esparru batean edo bestean aritzea debekatu eta zigortzeko ematen ari diren jauzien tamainak kezkaz busti behar gaitu. Euskal Herriarekin amaitzeko, ezagutu gabeko estrategia abian jarri dute bi estatuek, batez ere espainiar estatuak. Aipatzen ari garen enfrentamendu egoera honi loturik, azken hilabeteetan ETA erakundearen jarduera armatuaren ugaltzea ere aipatu behar da, abagune politikoan duen eragina nabarmena delarik. Oro har, kezkaz nabarmentzen ari garen egoera, iazko udazkenean jokoan zegoen auzi politikoari lotu behar zaio. Testuinguru honetan, bi aukera nagusi ageri zitzaizkigun: egun indarrean den esparru juridiko-politikoaren baitan jarraitzea edo Euskal Herriaren nazio aitortzan oinarrituriko aldaketaren norabidean sakontzea. Horixe izan zen elkarrizketa eta negoziazio prozesuan jokoan egon zen auzi nagusia eta horixe bera izan da urte honetan zehar egon diren mugimendu ezberdinetan ardatz nagusia. Hain zuzen ere, aipaturiko errepresio estrategia sakon horrek, egungo esparru juridiko- politikoa errotzearen xedea baino ez du. Estatuen jarrera Euskal Herriarekiko Bide horretan, estatu espainiarrak, Euskal Herria nazio gisa ukatu eta gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidearen kontrako jarduera jorratu du. Esan bezala, aldaketa bultza ditzaketen sektoreak indargabetu asmoz errepresio neurri berriak hartuz. Bilakaerak erakusten du espainiar estatua ez dagoela egungo esparru juridiko- politikoa gainditzeko asmoan. Ez dagoela inondik ere, Euskal Herrian autodeterminazioan eta lurraldetasunean oinarrituriko prozesu bat irekitzeko borondatean. Euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatzeko jarrera baino, hori oztopatu eta ukatzeko saioan ari da, EAEko gobernutik abiatu zen kontsulta saiakeraren ukazioarekin ari erakutsi duen bezala. Areago, estatu espainiarrak, bere estatu eredua errotzeko, hamarkadetan Euskal Herriarekiko izan duen zapalkuntza jokabideari jarraiki, sakontasun handiko erabakiak hartzen ari da. Euskal Herriari bere buruaren jabe izateko aukera oro ixteko urrats gisa kokatu behar direnak. EAEko gobernutik abiaturiko kontsulta egitasmoaz iritzi ezberdintasuna handia dela onarturik ere, afera horrek egungo marko juridiko- politikoan aurrera urratsik emateko aukera eza agerian utzi du. Aipatu egitasmoa lau alderdik sustatu eta espainiar botereek bertan behera utzi dute, burujabetza estatuaren eskuetan dagoela nabarmenduz. Horren aurrean, egitasmoaren garapenean urrats esanguratsurik ez da eman. Nahiz eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida bizia eman, egitasmoa bera geldirik dago. Edonola ere, Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeen erreferentzian kokatu da eztabaida eta ekimena, subjektu erabakitzailearen eta gatazka politikoaren izaeraren inguruan desitxuratze bat gertatu delarik. Nafarroa Garaiari dagokionez, azken hilabeteetan agerian geratu da Nafarroa estatu gai garrantzitsua dela. Gobernu aldaketa batetik haratago, egungo estatus juridiko- politikoaren aldaketarako aukerak ixteko mugimenduak ezagutzen joan gara. Hor kokatu behar dira UPN eta PSN alderdien interesen arteko konbergentzia eta egiten ari diren akordio ezberdinak. Urrats garrantzitsu hauek guztiak Euskal Herrian bultzatu asmo dugun aldaketa politikoari bideak ixteko helburu estrategikoa baino ez dute. Estatu frantsesak berriz, bide ezberdinez bada ere, Euskal Herria ukatzen jarraitzen du eta Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan indartzen doazen aldaketarako aldarrikapenen aurrean paper aktiboa jokatzen du. Zentzu berean doazen herri sektore ezberdinen indargabetzean emandako urrats berriak horren adibide argiak dira. Baina hortik haratago, hiru lurraldeen onarpen instituzionalerantz eman daitezkeen urrats berrien aurrean, lehenago egin duen gisan, urrats horiek gelditu eta egungo zapalkuntza eredua iraunarazteko egitasmoak bultzatzen ditu. Asimilazio egoeran sakondu eta Euskal Herriaren onarpenean oinarrituriko indarren metatzea eta aldarrikapenen ugaltzea gelditzeko. Aipatu estrategia honen aurrean, azken garaietan Euskal Herriko ipar ekialdeko hiru herrialdeotan abertzaletasunaren baitan sortzen ari diren baldintzak aipagarriak dira. Batetik, iniziatiba politikoa Euskal Herriaren onarpen politiko eta instituzionalean kokatzeko garaian pausoak ematen ari delako. Honi loturik, estatua ematen ari den urrats berrien aurrean aktibazio positibo bat ematen ari delako. Hori mobilizazio eta dinamika ezberdinetan ikusi ahal izan dugu. Finean, bi estatuak Euskal Herrian ziklo politiko berri bat irekitzeko trantsizioa burutu ahal izateko bideak ixteko urratsak ematen ari dira. Hots, Euskal Herriaren zapalkuntza ahalbidetzen duen egungo esparru juridiko- politikotik, Euskal Herriaren eskubideen onarpen eta bermerantz eramango gaituen esparru juridiko- politikorako bidea trabatzeko ahalegin guztiak ari dira egiten. Zentzu horretan, lurralde zatiketan sakontzeko neurri eta urrats berriak ematen ari dira. Nazioarteari gain-begirada Estatuek Euskal Herriarekin duten gatazka politikoak, Europaren barruan garrantzia badu. Europar Batasunaren egituratzeari buruzko eztabaidak ugaltzen doazen honetan, autodeterminazio eta burujabetza prozesu ezberdinak eta estatu berrien sorrera azpimarra daitezke. Horiekin bat, beste hainbat nazioen aldarrikapenen sendotzea ageri zaigu. Horrek, Euskal Herria Europaren baitan nazio burujabea izatea posible dela nabarmentzen du. Azken urteetan aipagarriak dira nazio ezberdinetan garatu edo garatzen ari diren prozesu ezberdinak. Horien artean, ezin dugu bazter utzi Eskoziako adibidea. 2010 urterako iragartzen ari den independentziarako erreferenduma erreferentzia on bat izan daiteke Euskal Herriarentzat eta errealitateen ezberdintasunak aintzat hartuta ere, halako esperientziekiko ikaspenak baliatzea beharrezkoa dugu. Euskal Herrian aldaketa politikoaren aldeko indarrak eh´07- eh´08 epealdi horretan izan diren gertaera nagusiak, aurretik aipatzen diren ezaugarriekin garatu dira. Hala nola, Aberri Eguna, Espainiar Gorteetarako hauteskundeak, Herriko Etxeetako hauteskundeak eta hauteskunde kantonalak, herri kontsultaren inguruko eztabaida... Era berean, hilabeteotan iniziatiba ezberdinak aipatu behar dira: abertzale herritarren artean elkarlana lantzeko bideak; horren baitan, hutsune guztiak tarteko, Aberri Egunak eta Nazio Plazak eskaini dituzten aukerak eta egoera zailean bildutako indarrak; Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoarako autonomiaren aldeko iniziatibak; EH Bai hauteskunde koalizioa eta lorturiko emaitzak, Maltzagako aldarria edo 1512- 2012 Nafarroaren burujabetza lapurtu ziguteneko testuinguruan abian jarri diren lehen ekimenak... Edonola ere, Euskal Herrian eztabaida politikoa aldaketa politikoaren gakoen gainean kokaturik dago. Une honetan, burujabetzaren esparrua osatzearen aldeko ahotsak ugaltzen ari dira. Egun, abertzaleon artean Euskal Herria beste eskenatoki batetara eramateko nahiko adostasunik gabe jarraitzen dugu. Esparru oso zabalak, egungo esparru juridiko- politikoaren agorpena aldarrikatzen du eta esparru berri baten alde kokatzen da. Baina, bistan da, gaur gaurkoz ez dagoela nahikoa adostasunik bide horri nazio gisa eusteko. Aurrerantzean aukerak eta arriskuak aintzat hartu beharko badira ere, abertzaletasunak ezinbestean bide komuna bilatu behar du. Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatuko duen esparrua gorpuztu eta esparru berri baterantz behar diren urrats politikoak eman ahal izateko. Egoera ekonomikoaren aldagaia Egoeraren azterketa egiteko garaian, krisi ekonomikoaren aldagaia ere ezin da bazter utzi. Mundu osoan eragina izaten ari den egoera sozio ekonomiko honek, gure herrian ere bere isla baitu. Eta hain zuzen ere, aipatu egoeran eta hartzen ari diren neurriekin, eskubide sozialen ikuspegitik eman daitezkeen murrizketak aintzat hartu behar dira. Jada ondorio batzuk sumatzen hasiak gara: langabeziaren igoera, hainbat enpresatako langileekin ematen ari diren egoerak, pobreziaren sakontzea... Egoera honek oro har herritarrengan izan ditzakeen ondorioez jabetzea garrantzitsua da. Gaur, mundu mailan eta baita Euskal Herrian ere, hartzen ari diren erabaki nagusiak langileen eta herritarren interes eta beharren aurkakoak dira nagusiki. Milaka milioi euro edo dolar xahutzen ari baitira banku, enpresa eta egungo sistema bera indar berritzeko. Bidenabar, Euskal Herriak nazio gisa, egoera sozio ekonomiko honi aurre egiteko eta eredu sozial eta ekonomiko propio bat izateko, burujabetza ekonomikoaren beharra ere azaleratzen digu. Euskal Herria ataka garrantzitsuan dago. Eta honen aurrean, abertzaleoi eta oro har egunerokoan Euskal Herriaren aldeko lanean gabiltzan eragile, herri sektore eta herritarroi, nazio bezala aurrera begira egin beharrekoa aztertzera eraman behar gaitu. Hots, gure nazioak bizi duen egoera sakon hausnartu eta datozen urteetan nazio gisa dagozkigun eskubideak eskuratzeko indarrak metatuz garatu beharreko Nazio Estrategia finkatzeko premia agerizkoa da.
|