Nazio estrategia eta lidergoa

Soumis par admin le 2009, Avril 15 - 13:59

Milaka herritarrek nazio estrategia eskatu dute Nazio Eztabaida Guneak Irunen eta Hendaian ospatutako Aberri Egunean

EAJk «Euskadiren ongizatea hobetzeko» lidergoa bere egin du Bilboko ekitaldian

Xan Harriague.

Milaka izan dira Aberri Egunaren kariaz eragile politiko eta sozialek egindako deialdiei erantzun dietenak. Irun eta Hendaiaren artean, Gernika-Lumon eta Bilbon abertzale asko bildu dira euskal nazioa gogoratzeko, omentzeko eta ospatzeko. Urtero bezala, aldarrikapenek tarte zabala izan dute. Nazio estrategia baten eskaera eta EAJren lidergoaren eskaintza nabarmendu dira aurten. Iragan berri diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeen emaitzek ere eragin handia izan dute, hiru deialdietan hizpide izan baitira.

Eguna euripean argitu zuen, baina herrietako kaleetan barna ibiliz besta eguna zela igartzen zen, han-hemenka ikurrinak ageri baitziren balkoietatik zintzilik. Eguerdirako, ordea, atertu zuen eta egitekoak ziren ekitaldiak arazorik gabe egin ahal izan ziren Irun eta Hendaiaren artean, Gernika-Lumoko Azoka Plazan eta Bilboko Plaza Barrian.

Nazio Eztabaida Gunea. Estrategia nazionala

Dudarik gabe, Irun eta Hendaiaren artean Nazio Eztabaida Guneak egindako deialdiak bildu zuen herritar gehien. Milaka eta milaka izan ziren Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen Santiagoko zubia zeharkatu zutenak, ikurrin erraldoi baten eta Aldaketa garaia burujabetza garaia zioen pankartaren atzetik. Lehen lerroetan pertsona ezagun asko ikus zitekeen, batez ere Nazio Eztabaida Gunearen deialdiari atxikimendua erakutsi zioten eragileen ordezkariak. Ezker abertzaletik, Arnaldo Otegi, Tasio Erkizia, Julen Aginako eta Jone Goirizelaia izan ziren, Aralarretik Patxi Zabaleta eta Jon Abril, Abertzaleen Batasunetik Jakes Bortairu, EAtik Maiorga Ramirez, ANVtik Kepa Bereziartua eta Txarli Gonzalez, LABetik Ainhoa Etxaide eta EHNEtik Paul Nicholson.

Ordu erdiko berantarekin hasi zen Gipuzkoa eta Lapurdi lotu zituen martxa nazionala. Santiago zubiaren erdian dagoen Oteizaren monolitoaren aurrean, manifestazioak geldi une bat egin zuen ikurrinari dantza egiteko. Horren aitzakiatan, antolatzaileek monolitoa jantzi zuten, eta Espainia eta Frantzia jartzen duen lekuetan Gipuzkoa eta Lapurdi jarri. Hendaiatik hurbildu ahala, jende multzoa handituz joan zen, bide bazterrean zain zeudenak harekin bat egiten baitzuten. Justizia kontuengatik Gipuzkoara pasatu ezin direnek ere toki horretan hasi zuten martxa nazionala, eta auzi batzuetan inputatuak daudenek, berriz, toki horretan utzi.

Hortik aitzinera martxa Hendaiako karriketan sartu zen, independentzia eta euskal presoen amnistia eskatuz, bertzeak bertze. Bukatzean, Hendaiako Gaztelu Zahar frontoia anitzez txikiago gelditu zen. Guztiz beteta zegoela, oraindik milaka lagunek karriketan segitzen zuten, frontoira ezin sartuz. Jende uholdeak guztiz paralizatu zuen Hendaiako alde zaharreko karrika nagusia.

Martxaren gibeleko aldean zirenak ezin izan zuten aditu bukaerako ekitaldi politikoa. Amets Arzallusek deialdi horren kariaz idatzitako agiria irakurri ondotik, Maite Aristegik eta Mikel Irastorzak hartu zuten hitza, Nazio Eztabaida Gunearen izenean. Mezu baikorra izan zuten, haien ustez Euskal Herriak nazio izateko kemena, gaitasuna, indarra eta ahalak dituelako. Baina norberaren interesak baztertzeko eta nazio gisa aritzeko eskatu zuten. «Gehiengoa gara, bai. Baina gure indarrak banatuta daude». Nazio estrategia baten beharra azpimarratu zuten, zehaztuz eragile politiko, sindikal eta sozialetan oinarritu behar zela, baina batez ere herritarrengan. Euskal Herria burujabetzara eramango duen bidea herritarrek ireki behar dute, Nazio Eztabaida Gunearen arabera. Eta horretan ezinbestekoa jotzen du tresnak, baliabideak eta gaitasunak eskuratzea arlo guztietan, politikoan, kulturalean zein ekonomikoan. Nazio Eztabaida Guneak uste du hortik egin behar dela Euskal Herriaren eraikuntza nazionala.

Euzko Alderdi Jeltzalea. «Euskadiren balioen» alde

Azken urte hauetan bezala, EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatu zuen Aberri Eguna. Jarraitzaileez gain, alderdiko kargudun eta kide ezagun asko bildu ziren. Oholtza gainera igotzean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak txalo zaparrada nabarmena jaso zuen irria ezpainetan zuela agurrak banatzen zituen bitartean. Ekitaldian lagun izan zituen, Iñigo Urkullu EBBko presidentea, herrialdeetako buru batzarreko presidenteak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea.

Aberri Egunaren kariaz EAJk plazaratu zuen manifestuak autodeterminazio eskubidea eta euskal gizartearen erabakien errespetua bermatzeko prozeduretan ahaleginak egitea aipatzen bazuen ere, eguneko bi hizlariak, Ibarretxe eta Urkullu, ez ziren horretan sartu. Ibarretxe azken aldiz aritu zen Aberri Egunean Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa, legealdiak irauten duen bitartean behintzat.

Ez zuen bere etorkizunari buruzko zehaztasunik eman, eta aberriari buruz hitz egitera mugatu zen. «Gure aberri bakarra da, gehiengoa abertzalea da, eta etorkizunean ere hala izango da». ETA «sobran» zela errepikatu zuen, hau erranez: «Ez dago Euskal Herriari indarkeriak baino kalte handiago egin dionik». Joan diren hauteskundeei dagokienez, pozik agertu zen, haren ustez emaitzak ezin hobeak zirelako. «Argi gelditu da zeintzuk izan diren garaileak eta zeintzuk galtzaileak». PPren babesarekin PSE-EEk osatuko duen gobernua zilegi dela esan zuen, baina argi utzi nahi izan zuen «frontista» dela.

Urkulluk izan zuen neurri handi batean etorkizunari begira hitz egiteko ardura. Honek ere, PSE-EE eta PPren arteko hitzarmenetik etorriko den Eusko Jaurlaritzaren zilegitasuna onartu zuen, eta zehaztu indarrean dagoen legearen baitan kokatzen dela. Baina salatu zuen «iruzur eta amarru» bat dela eta horrelakorik ez dutela onartuko. «Euskadiren balioak defendituko ditugu».

Baikor agertu nahi izan zuen heldu diren urteei begira. «Erakutsi egingo dugu oposizioan egoten eta oposizioa egiten badakigula Legebiltzarrean, eta aldi berean eraginkortasun osoz jarraituko dugu aldundietan eta ehunka udaletan». Alderdiaren barruan eta jarreran aldaketarik ez dela izanen iragarri zuen, eta betiko moduan «Euskadiren garapen eta ongizatearen alde» lan eginen duela. «Helburua betikoa da, antzezlanaren atal honetan jokalekua edo apainketak aldatuak izan badira ere».

«Boto gehien eskuratu duen alderdia izateak ematen digun buruzagitzatik» abiatuz, ziurtatu zuen EAJk ahaleginak eginen dituela ekonomia nazioarte mailara eramateko. Horrekin batera bost helburu aipatu zituen EBBko presidenteak, gizartearen ongizatea, ingurumena, nazioartean norberaren eta taldeen garapena, autogobernua bere osotasunean garatzea eta bakea. Horretarako Europako gaineratiko herriei begira arituko direla adierazi zuen, eta oroitarazi 1933ko Aberri Egunean Europa erreferentzia gisa jarri zuela Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak. Aberri gisa ere argi du Europa izan behar dela jokalekua. «Lehen lerroan egon behar dugu, Europan subiranotasun absolutuak auzitan jartzen direlako».

Eusko Alkartasuna. Norabideari eutsiz

Nazio Eztabaida Guneak egindako deialdi bateratuan ordezkaritza bat igorri bazuen ere, EAk berezko ekitaldia egin zuen Gernika-Lumon. Koldo Amezketa alderdiko presidenteordea eta Jesus Mari Larrazabal legebiltzarkidea izan ziren hitza hartu zuten bakarrak, baina haien ondoan izan zituzten Carlos Garaikoetxea, alderdiaren sortzailea, eta Unai Ziarreta, hauteskundeak iragan eta gero kargua utzi duen alderdiko presidentea.

Amezketak «barruko batasuna indartzeko» deia egin zuen «alderdia berpiztu» ahal izateko. EAren konpromisoak berretsi zituen, lau ardatz nagusi aipatuta; burujabetza eskubidea, sozialdemokrazia, justizia soziala eta indarkeriaren gaitzespena. Burujabetza eskubideari dagokionez, EAJ kritikatu zuen horrela oroitaraziz Ibarretxe plana eta herri galdeketari buruz: «Abertzalea dela dio, baina azken bi legealdietan herriarekin zituen konpromisoak ez ditu bete». Larrazabalek ere bide beretik jarraitu zuen. «Gaur Bilbon burujabetza eskubidea aipatzen dutenek bihar ez dute defendituko».

Lidergorik gabe

Aberri Egunaren biharamunean, horren ospakizunetan eman diren mezuen balorazioa egin du Aralarrek. Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaileak indar politiko guztiei elkarrizketarako deia egin die. «Herri honetan elkar ulertzeko premia gero eta handiagoa da». Baina, bidenabar, argi du lidergo mezuak zaharkituta gelditu direla.

Vous devez vous identifier ou créer un compte pour écrire des commentaires