Maite Aristegiri Elkarrizketa

Soumis par admin le 2008, Juin 11 - 15:49

«'Zazpiak bat' goiburua eguneroko jarduera bilakatzea lortu behar dugu»

Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko bozeramailea

Datorren larunbatean Iruñean antolatuko den Nazio Plaza prestatzen ari da Nazio Eztabaida Gunea, lurralde eta sektoreetako hainbat herritarrekin

 
J. Sagarzazu

Maite Aristegik argi dauka: «Naziotasuna eta lurraldetasuna aldarrikatu eta Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoaren alde indarrak metatu behar dira». Horixe irudikatuko du Nazio Eztabaida Guneak ekainaren 7an. Iruñeko Udalak hainbat kaletan aritzeko baimena ukatu badie ere, «oztopoak oztopo» Nazio Plaza «ilusio handiz» prestatzen ari direla dio Aristegik. Aberri Eguneko leloari jarraituz -Nazio gara. Zazpiak bat. Auzolanean- burujabetzaren bidean «bihurgunea» izan nahi du Nazio Eztabaida Gunearen ekimenak.

Zer helbururekin antolatu duzue Nazio Plaza?

Bereziki nazio bat garela irudikatu eta aldarrikatzeko, martxan eta erabakiak hartzen ari den nazio gisa agertzeko ekimena izango da. Nazio eraikuntzaren balio erantsia nabarmendu nahi dugu, bultzatzen ari garen nazio estrategia ikusaraziz. Izan ere, Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa aldarrikatzearekin batera, aldaketa egunez egun eraikitzen joatea funtsezkoa da. Horretan herrigintzak eta herritarrok jokatzen dugun papera ezinbestekoa da. Nazio Plazak herri honetan aldaketaren aldeko lanaren eta masa sozialaren topaleku izan nahi du.

Zein dira, zuen ustez, nazio gisa garatzeko oztopo nagusiak?

Euskal Herriak ukaturik eta zatiturik jarraitzen du, bere ondorio guztiekin. Adibide gisa hor dugu hain garrantzitsua litzatekeen nazio instituzio egokien gabezia. Ez dugu gure herria antolatzeko, garatzeko, egituratzeko erabaki ahalmenik. Denboran etorkizuna erabakitzeko ahalmenik gabe uzten gaituztelarik, desegituratze horrekin, nazio gisa garatzeko oztopoa ezartzen digute, arriskua, burujabe izateko aukera betirako galtzea izanik. Lurralde zatiketak ondorio ideologikoez gain egungo legeen arabera aritzera behartzen gaitu. Lurraldetasunaren afera bizi dugun testuinguruan gako nagusietakoa dela uste dut. Zatiketa betikotzeko asmoa dagoen honetan, euskaldunok, gure arteko harremanak sakondu eta nazio gisa pentsatu eta aritu behar dugu. Zazpiak bat goiburua eguneroko jarduera bilakatzea lortu behar dugu.

Ibarretxeren proposamenaren beste urrats bat ikusteko aukera izan dugu. Zer balorazio egiten duzue?

Nazio Eztabaida Gunearen izaera kontuan izanda, eta bere eginkizuna hobeto bideratu nahian, gure ibilbidean zehar proposamen zehatzei buruzko baloraziorik ez egitea erabaki dugu. Dena den. eta testuinguru honetan. gure ustez. eztabaida politikoa gako nagusietan dago kokatua, eta horietara joan behar da, sustraietara. Hemen burujabetza arazo bat dago, nazio gisa estatuen menpeko gara eta gure iraupena kolokan dago. Aldaketa politikoak Euskal Herrian esparru aldaketa ekarri behar du. Korapilo horien gaineko akordioa Euskal Herrian lortu behar da, bazterketarik gabe, Euskal Herri osoko eragile p olitiko, sindikal eta sozialen artean.

Hau ikusirik zer gogoeta egiten duzue etorkizunari begira, nazio ikuspuntutik?

Alderdi politikoen eta proposamenen gainetik, Euskal Herria herri bizia dela frogatu dugu historian. Milaka gizon eta emakumeren lana, nazioa eraikitzen, eskubideen alde, herrietatik hasi eta nazio osoa hartzeraino... Hor bada etorkizuna eraikitzeko nahikoa indar eta gogo.

Bestelako jokaleku baterantz egin beharreko urratsetan funtsezkoak diren oinarri batzuk definitu dituzue. Zeintzuk?

Aldaketa horren oinarri nagusiak, demokrazia gardenekoak, hauek lirateke: nazio aitortza, Euskal Herria gara, nazioa; lurraldetasuna, zazpiak bat, Euskal Herriaren lurralde egituraketa ahalbidetzea; euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea gauzatzea eta azkenik -beharbada hasieran beharko lukeena- eskubide guztien aitortza eta bermerako mekanismoak ezartzea.

Estatuen borondatea ez dagoela bide horretan diozue. Zergatik?

Halako prozesu demokratiko bat bururaino eramatearen beldur direlako eta herriaren hitzari beldur diotelako. Egungo estatusaren aldaketak Euskal Herria egituratu eta burujabetza ahalmena eskuratzeko aukerak bizkortuko lituzke. Goizago ala geroago nazioa garela aitortu beharko dute, baina.

Eta Euskal Herriko alderdi politikoak bide beretik al doaz?

Zoritxarrez, denbora luzeegian ahots politiko asko entzun izan ditugu arazoa azaletik aztertzen, ezkortasuna hedatzen, eztabaida politikoa desbideratzen eta gako politiko horiek ikusezin bilakatzen. Azken urteetako bi une garrantzitsu medio -Lizarra-Garazi eta azken negoziazio prozesua-, gako politiko horiek behin betiko konponbidea eraikitzeko ezinbesteko zutabetzat hartzea orokortzen ari da. Konponbidearen sagarra heldutasun puntura iristen ari da. Kontua da, nola astintzen dugun arbola, oraindik oso goian dagoen fruitua jasotzeko. Gakoa da abertzaleok fruitu bera izatea jomugan eta ez dirudi, itxuren arabera, gaur gaurkoz guztion arteko adostasunik dagoenik horretan. Burujabetzaren alde gauden guztion arteko borondateak aztertu eta landu behar ditugu eta ahalik eta adostasun zabalenetara iritsi.

Zeini dagokio, beraz, bultzada hori ematea?

Ezin da alderdien esku soilik utzi bultzada hori. Sindikatuak, gizarte eragileak, herri mugimendua, herritar soilak... ezinbesteko aktibo sozial eta politikoak dira bizi dugun ataka historiko honetan. Aldaketa politikoaren alde dagoen gehiengo soziala gorpuztuz eta baldintza sozial eta politikoak indartzen jarraituz, ziur, nazio gisa urrats berriak emango ditugula. Ezin dugu alderdien arteko akordio baten zain egon.

Hori islatuko duzue, hein handi batean, Nazio Plazan. Osasuntsu al dago herrigintza Euskal Herrian?

Herrigintzak oinarri sendoak izan ditu beti Euskal Herrian. Egun sektoreetan lanean zenbat eragile eta herritar ari den ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Zalantzarik gabe, herri bizia garenaren seinale argia da hau. Herrigintzaren lanak fruitu emankorrak eman ditu azken urteetan eta ziur gara, datozenetan ere berriak emango direla. Sarri lan hori guztia ez da behar bezala goraipatzen ez eta aitortzen ere. Eta kontuan izan behar dugu aldaketarako motore lan garrantzitsua jokatzen dugula. Horixe da Nazio Plazan azaldu nahi ditugun ideietako bat.