Nazio Plaza egingo dute bihar Iruñean aldaketa politikoa aldarrikatzeko

Soumis par admin le 2008, Juin 11 - 15:57

'Nazioa gara, zazpiak bat, burujabetzaren alde' lelopean manifestazioa egingo dute 17:30ean

 

Oihana Elduaien

Donostia

Euskal Herrian aldaketa politikoa eman dadin nazio gisa urratsak egitea ezinbestekoa da Nazio Eztabaida Gunearen iritzian. Bide horretan, Nazio Plaza ekimena antolatu dute biharko. Iruñean egingo dute, eta hiriburua «herrigintzaren nazio plaza» bihurtzen saiatuko dira.

Iruñeko Udalak oztopoak jarri dizkio Nazio Eztabaida Guneari ekimena antolatzeko. Herritarron Plaza gunea antolatzeko hiriko plazak erabiltzeko baimena ukatu egin diete, eta, beraz, ekimen hori bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek. Haurrentzako jolasak, dantza ikuskizuna, bertso emanaldia eta ikurrinari omenaldia egin nahi zituzten Herritarron Plaza deituriko gunean.

Ekimen horiek bertan behera geratu diren arren, beste hainbat ekitaldi prestatu dituzte biharko. Esate baterako, Herritarron Foroa izeneko gunea izango da Carlos III. zinemetan. 10:00etan abiatuko da foroa, eta Auzolana, Euskal Unibertsitatea eta Euskarazko wikipedia izango dituzte hizpide. 200 lagunentzako bazkaria ere prestatuko dute La Unica eta Alegria peñetan. Bazkaria 14:00etan izango da.

Arratsaldean izango da eguneko ekitaldi nagusia: martxa nazionala egingo dute 17:30ean, Golem zinemetatik abiatuta. Euskal herritarrei dei egin diete Nazioa gara, zazpiak bat, burujabetzaren alde! lelopean egingo duten manifestazioan parte hartzera.

Martxa aldaketa politikorako aldarrikapena izatea nahi dute antolatzaileek: «Une garrantzitsu honetan aldaketa politikoaren oinarri nagusien alde indarrak metatzea funtsezkoa da». Oinarri nagusi horiek nazio aitortza, lurraldetasuna, erabakitzeko eskubidea eta «eskubide guztien bermea» dira, antolatzaileen iritzian.

 

TALDEEN ATXIKIMENDUA. Nazio Plazaren ekimenarekin bat egin dute ezker abertzaleko hautetsiek, Bilgune Feministak eta Segi gazte erakundeak.

Miren Legorburu Hondarribiko EAE-ANVko hautetsiak eta Marine Pueyo Iruñekoak atzo emandako prentsaurrekoan bihar Iruñera joateko deia egin zuten. «Inoiz baino beharrezkoagoa da nazio bat garela ozen aldarrikatzea eta aldaketa politikoaren alde martxan dagoen herri gisa agertzea», esan zuen Legorburuk. Ezker abertzaleak Nazio Plaza ekimenaren antolatzaileekin bat egiten du aldaketa politikoa definitzeko unea dela esaterakoan. Aldaketarako oinarriak «Euskal Herriaren aitortza, erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta eskubide kolektibo zein indibidualak» direla gaineratu zuen Legorburuk. Esparru aldaketa «premiazkoa» eta «atzeraezina» dela berretsi zuen. «Ukazioan oinarritutako esparrua gainditu behar da».

Iruñeko ekimenean parte hartuta, «Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko bidean borrokari ekiteko» deia egin dio, bestalde, Segi gazte erakundeak euskal gazteriari. Espainiako Konstituzioarekin eta Frantziako Errepublikarekin gazteek etorkizunik ez dutela uste du Segik, eta komunikabideetara bidalitako oharrean dio bi horien alde egitearen edo Euskal Herriaren alde egitearen artean erabakitzeko ordua dela. «Hirugarren bideek jada ez dute lekurik». Euskal Herriaren alde egiteko, nazio eraikuntza bultzatzea garrantzitsua da Segiren iritzian, eta, horregatik, bat egin dute Nazio Eztabaida Gunearen ekimenarekin.<\d>

Bilgune Feministako kideak ere Iruñean izango dira bihar, eta halaxe egiteko deia egin diete emakumeei, «herri honetako parte garen heinean badugulako zer erakutsi». Erakusteaz gain, besteen egitasmoak ezagutu eta haietatik ikasteko aukera ere izango dela nabarmendu du Bilgune Feministak.

Frantziak eta Espainiak Euskal Herriari egiten dioten «zapalketak» emakumeengan ere eragina duela uste dute, eta, haien arabera, «emakumeon askatasuna eta burujabetza lortze bidean, egun Euskal Herrian dagoen egoera gainditu beharra dugu». Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaie herri gisa pentsatzea eta aritzea. Benetako eraldaketa eman dadin, emakumeen eta mugimendu feminista nazio estrategiaren partaide izatea beharrezkoa dela uste dute.

Iruñean ez ezik, Buenos Airesen ere egingo dute bihar Nazio Plaza ekimena. Euskaltzaleak, Eusko Kultur Etxeak zein Argentinako eta Uruguayko nazio eztabaida taldeek antolatu dute Nazio Plaza Diasporan.

Besteak beste, nazio identitateari buruzko eztabaida egingo dute, Euskaltzaleak koroak emanaldia eskainiko du eta euskal dantzak egingo dituzte. Eguna amaitzeko, afaria egingo dute. Buenos Airesko Euskal Etxean izango dira ekimen horiek guztiak.