Nazio Plazak Euskal Herriaren alde «lanak areagotzeko» deia egin du

Soumis par admin le 2008, Juin 11 - 16:24

Nafarroa burujabetzarako «giltzarri nagusietako bat» dela aldarrikatu dute ehunka lagunek Iruñean

Joxerra Senar

Iruñea

«Laino beltzen artean ostarte zabalak egon badaude, eta ostarte horiek gehiago zabaltzea izan behar du gure lana, guztion lana». Egungo egoera politikoa ezkor ikusi arren, Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko ordezkariak nabarmendu nahi du dena ez dela iluna, eztabaida aldaketa politikoaren oinarriak zehaztean finkatua dagoelako. Iruñean, «Euskal Herriaren bihotzean» egin zituen adierazpenok Aristegik atzo, Nazio Eztabaida Guneak berak antolatutako Nazio Plazari amaiera eman zion manifestazioaren ondorengo ekitaldian. Nazio moduan estrategia bat lantzeko ordua dela azpimarratu zuen Aristegik, eta bide horretan «Euskal Herriaren alde lanak areagotzeko» deia egin zuen.

Aristegik bere mezuan irudikatutako hodeiak eta ostarte bakan batzuk Iruñeko zeru gainean zirela, 18:00ak jotzeko minutu eskas batzuk falta zirenean abiatu zen manifestazioa, Golem zinema aretoetatik. Aurrealdean, hamabi bat dantzarik heltzen zioten ikurrin handi bat. Atzean segidan, Burujabetzaren alde, zazpiak bat, nazioa gara zioen pankarta, eta hari heltzen, besteak beste, Maite Aristegi bera, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Paula Kasares NaBaiko parlamentaria, Castillo Suarez idazlea, Martxel Toledo ESAITeko koordinatzailea eta Nazio Eztabaida Guneko Garbiñe Bueno.

Pankartaren atzean, 600 bat herritar zihoazen, horietako asko ikurrin bati edo Nafarroako bandera bati heltzen. Manifestazioa oso lasai joan zen. Noizean behin «Independentzia!» eta «Zazpiak bat auzolanean» oihuak entzun ziren. Manifestazioak Donibane auzotik Iruñeko geltoki zaharrerantz egin zuen, eta handik Nafarroako Parlamentuaren aurrealdera. Manifestazioaren berri ematen ari ziren komunikabideen artean, Mexikoko Notimex berri agentzia zegoen.

Sarasate pasealekuan jarritako oholtza baten gainean egin zen manifestazio amaierako ekitaldia. Bertan, Aristegik azaldu zuen une zailak pasatu arren «konponbiderik eta argi izpirik gabeko egoera dela sinetsarazi» nahi dietela herritarrei. Hala, baikortasuna igorri nahi izan zuen Aristegik.

Aldaketa badatorrela eta jokoan haren norabidea dagoela nabarmendu zuen. Batetik, Euskal Herriaren nazio izaera aitortu eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea eramango duen aldaketa, edo «estatus politikoa estatu espainiar eta frantsesen menpe uzten duen erreforma huts bat». Bidegurutze horretan, Aristegik uste du Euskal Herria nazio gisa garatzeko oztopoak «ikaragarriak» direla, baina horren gainetik herritarrak «aldaketa gosez» daudela azaldu zuen.

Alde horretatik, beharrezkotzat ikusi zuen nazio aitorpenean eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa. Baina horrekin batera lurraldetasunaren garrantzia azpimarratu zuen. «Gaur Iruñean bildu gara. Ez da kasualitatea, ez horixe, lurraldetasuna delako aldaketaren gako nagusietako bat, eta Nafarroa burujabetzarako giltzarrietako bat». Horren alde lan egiteko, indarrak biltzeko deia egin zuen Aristegik hitzaldiaren amaieran. «Gu garelako aldaketaren motorra. Euskal Herriaren oraina eta geroa hemen dago, eta ez Madrilen, ez Parisen».

Aitziber Sarasola AEKren Nafarroako arduradunak ere «indarrak metatu eta elkarlanean oinarritutako bidea gorpuzteko» deia egin zuen. Amaieran, Parlamentuaren eta Foruen monumentuaren aitzinean, ikurrin eta nafar banderen artean, bi txistularik Nafarroako ereserkia jo zuten.

 

 

Herritarron Foroak, eguneroko lanak ahalbidetzen duen aldaketaren lekuko

J. S.

Iruñea

Nazio Plaza ekimenak atzo goizean bi ekitaldi zituen egitekoak Iruñean: Herritarron Foroak Carlos III zinema aretoetan, eta hainbat kultur emanaldi Sarasate pasealekuan. Haatik, Iruñeko Udalak ukatu egin zion kalean ezer egitera baimena, bai Sarasate pasealekuan eta bai Gazteluko plazan lekua hartuta zegoela argudiatuta. Hori ikusirik, antolatzaileek erabaki zuten bertan behera uztea.

Mikel Irastorza Nazio Eztabaida Guneko eledunak zehaztu zuenez, «lekua soberan» zegoen. «Borondate argia dago aldarrikapen guztiok ez egiteko, baina badakigu ez dela berria». Gogora ekarri zuen horrelako ekimenak maiz debekatzen direla Iruñean. «Nafarroan obsesio bat dago, euskal kulturarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia duen guztia ezkutatzeko eta plazatik ateratzeko».

Herritarron Foroak egin egin ziren. Guztira 130 lagunek parte-hartu zuten. Foro batean, auzolana izan zuten aztergai, eta bestean, euskal unibertsitatea eta euskal wikipedia. Irastorzak nabarmendu zuen praktikan erakutsi nahi dutela aldaketa politikoa eguneroko lanaren emaitza ere badela: «Irudikatu nahi dugu herri honek erabakiak har ditzakeela inoren zain egon gabe».

 

 

 

 

«Konponbiderik eta argi izpirik gabeko egoera batean gaudela sinetsarazi nahi digute herritarroi»

Maite Aristegi

Nazio eztabaidaguneko eleduna